Gazteen lokalak arautzeko ordenantza prestatzen dihardute

Gazteen lokalak arautzeko ordenantza prestatzen dihardute
2013/02/18 00:00
eta kitto!

Udalak gazteen aisialdirako lokalak arautuko dituen ordenantza berria izango du laster. Une honetan lantzen diharduten dokumentuak bete beharreko gutxieneko baldintza batzuk ezarriko ditu, "erabiltzaileentzat eta auzoko jendearentzat arriskurik eta gogaikarritasunik ez izateko". Idatzia eginda dago eta herritarrek hilebeteko epea izango dute euren ekarpenak egiteko (horretarako www.eibar.net Udalaren webgunean, Pegoran, Hirigintza Sailean eta Indianokua gaztelekuan eskuragarri ipiniko dute laster). Ordenantza indarrean sartzean lokal guzti-guztiek bete beharko dute eta lokalak erregularizatzeko (aurkeztu beharreko agiriak entregatzeko) urtebeteko epea emango dute.
Eneko Andueza Hirigintza zinegotziaren berbetan, “hainbat herritarren kexak daude eta, beraz, udalak horrelako lokalak arautzeko beharra izan du. Orain arte, horrelakoetarako protokolo bati jarraitzen genion, baina gazteen lokalak gero eta ugariagoak dira eta elkarbizitza bermatu ahal izateko arautzea beharrezkoa zen".
Ordenantzak hainbat punturen ingurukoak arautuko ditu: besteak beste, bete beharreko ordutegia, telebistaren edo musika-aparatuen bolumena edo lokal biren sarrerako ateen artean dagoen distantzia. Horrez gain, erantzukizun zibileko aseguru-poliza egin beharko dute. Ordenantzan esandakoa betetzen ez bada ezarriko diren zigorrak, berriz, lokala denbora jakin baterako ixtetik hasi eta 300 eurotik gorako isuna ordaitzerainokoak izan daitezkeela aurreratu dute agintariek. Elkarbizitzarako arazo larriak gertatuz gero, Udalak liskarra konpontzeko bitartekaria jartzeko aukera izango du. Behin-behineko agiriak jasotako ataletako batzuk jarraian irakur ditzakezue:

Ordutegia:
- Goizeko 10.00ak baino lehen ez da ezer egingo lokal horietan eta gaueko 22.00etatik aurrera lokalak itxi eta ez da barruan beste ezer egingo.
- Ixteko ordutegi hori malguagoa izango da ondoko egun hauetan: barixaku, zapatu eta jaiegun bezperetan (gaueko 12.00ak arte eduki daiteke lokala zabalik); San Juan bezperan (ekainak 23) eta San Andres bezperan (azaroak 29) gaueko 01.00ak arte.

Funtzionamendu-arauak:
- Ezingo da bide publikoa okupatu; lokalaren kanpoko aldean ezin da jenderik bildu.
- Ez da aterako bizilagunen atsedena eta elkarbizitza urratuko lukeen zaratarik.
- Lokalaren kanpoko aldea txukun eta garbi eduki behar da.

Aurkeztu behar den dokumentazioa:
- Jarduera sailkatuan aritzeko aurretiazko komunikazioa.
- Ziurtagiria, teknikari gaitu batek egindakoa, egiaztatzeko jarduerak edota instalazioak bat datozela aurkeztutako proiektuarekin eta dokumentazio teknikoarekin eta aplikagarriak zaizkion araudi guztiak bete egiten dituela esaten.
- Memoria edo txosten teknikoa, horretarako eskumena duen profesional gaitu batek egindakoa.
- Obrak proiektuarekin egin badira, likidazioa eta obraren amaierako ziurtagiria ekarri behar dira.
- Erantzukizun zibileko aseguru-poliza eduki izanaren egiaztagiria.
- Lokaleko arduradunen datuak. Adin txikikoak balira, legezko tutoreak izango dira jardueraren titulartzat azalduko direnak.

Zigorrak:
- Ohartarazpena.
- Instalazioak aldi baterako ixtea.
- 300 eurotik gorako isuna.
- Zehapena jarri beharrean, udalak, lokala darabilten gazteen eta auzokoen artean liskarren bat balego, liskar hori konpontzeko bitartekari bat jar dezake.
- Ezarritako isun edo zehapen ekonomiko horiek ordaindu beharrean, herriaren onerako lanak egin daitezke.