Gaztetxeen aldeko borrokak etenik ez duela adierazi dute Gazte Asanbladako kideek
Aurrez ezer jakinarazi gabe, “epailearen aginduz” hustu zuen Ertzaintzak Eibarko Gaztetxia, maiatzaren 21ean, epaitegiaren aginduz, eta hori salatzeko prentsaurrekoa eman zuten Untzagan. Horrekin batera, “Eibarren urteetan eraiki den hiri eredu ustel bat, non interes ekonomikoak, eraikuntza enpresen negozioak eta Udalaren irudi operazioak herritarren beharren gainetik jartzen diren behin eta berriz” ere salatu zuten.
Agerraldian esandakoari jarraituz, “Eibarko Udalak argi laga du ez duela autogestiorik nahi, ez duela herritik sortzen den antolakuntzarik nahi, ez duela kontrolatzen ez duen espaziorik onartzen, eta hori ez da kasualitatea. Gaztetxe bat deserosoa da, ez delako negozio bat, ez delako marketing instituzional hutsa, eta ez delako lau urtean behin argazkia ateratzeko proiektua. Gaztetxea herriaren espazioa da, doako kultura egiteko lekua, elkartzeko lekua, politizatzeko lekua, eztabaidatzeko lekua, belaunaldi askoren topagunea, eta hori guztia suntsitu dute interes ekonomiko pribatuen mesedetan”.
Desalojoa egiteko modua ere gaitzetsi dute gazteek: “Maiatzaren 21ean egin zutena lotsagarria izan zen, aurreabisurik gabe, modu autoritarioan eta inpunitate osoz sartu ziren gaztetxera. Hamabost urteetan eraikitako proiektu kolektibo bat husteko 40 minutu eman zituzten, 40 minutu gehienez hiru pertsonari, ‘dos chicas y un chico’, gero ‘¿Has tenido tiempo de sacar cosas? entzuteko, dena erdera hutsean”. Gainera, gaztetxea husten ari ziren bitartean, poliziak lau lagun identifikatu eta horietako bati isuna ipini ziotela salatu dute.
“Gaztetxeak ezin dira makinekin desagerrarazi, gaztetxeak ez baitira horma batzuk soilik. Gaztetxeak herri memoria dira. Harremanak dira. Sare komunitarioak dira. Eta hori ezin dute eraitsi. Gaztetxeen aldeko borrokak ez du etenik”.
Gogora ekarri nahi dutenez, 2010ean Asua Erreka kalean zegoen Tallarra gaztetxea hustu eta bota zuten, baina beste eraikin bat lortu zutela, eta oraingoan ere hala erantzuteko asmoa dagoela aurreratu dute. Eibar “erakusleiho garbi eta turistiko bihurtzea” ez dutela onartuko diote, eta herritarrei galdera bota diete: “Zer herri nahi dugu? Enpresa handien eta promozio instituzionalaren menpeko herri huts bat? Ala antolatzen den herri bizi bat?”. Amaitu aurretik, herritar guztiak antolatzera deitu zituzten: “Eibarko gaztetxeak aurrera darrai. Autogestioak aurrera darrai. Eta herri honek ez du isilik geratzeko asmorik. Mila makinek ez dute lorerik sortuko”.