Geldiezin dabiltza SD Eibar-en talde nagusiak
SD Eibarreko bi talde nagusiek garaipenarekin itxi dute asteburua. Emakumezkoen taldeak 0-1 irabazi zion Sevillari F Ligako bosgarren jardunaldian, eta gizonezkoek, berriz, 3-2 hartu zuten mendean Las Palmas Ipuruan, Hypermotion Ligako zazpigarren jardunaldian.
Emakumezkoen taldeak amaiera arte itxaron behar izan zuen garaipena ziurtatzeko. Neurketa 0-0ekoarekin iritsi zen azken txanpara, baina 86. minutuan Marianna Seidl estatubatuarrak Eibarren gola egin zuen, eta hiru puntuak etxeratu zituen talde armaginak.
Garaipen horrekin, Iñaki Goikoetxearen taldeak 10 puntu ditu lehen bost jardunaldietan eta sailkapeneko bosgarren postuan dago.
Hurrengo jardunaldian ere Andaluziara bidaiatuko dute eibartarrek. Izan ere, Granadaren aurka jokatuko dute igandean, irailak 4, 12:00etan.
Hypermotion Ligako lidergoan
Gizonezkoen taldeak, bitartean, seigarren garaipena jarraian lortu zuen Ipuruan. Jokin Aranbarriren taldeak indartsu ekin zion partidari, eta bi gol egin zituen lehen zortzi minutuetan: Madak 1-0ekoa sartu zuen 5. minutuan, eta Álvaro Rodríguezek bigarrena bi minutu geroago. Las Palmasek aldea murriztu zuen atsedenaldia baino lehen, baina Javi Martónek 3-1ekoa egin zuen 61. minutuan. Kanariarrek 3-2koa sartu zuten 84. minutuan, baina Eibarrek emaitzari eutsi zion.
Sei garaipen jarraian lortuta, gizonezkoen taldeak klubaren errekorra hautsi du futbol profesionalean. Orain, 18 puntu ditu Eibarrek eta Hypermotion Ligako sailkapenaren buruan kokatu da.
Hurrengo asteburuan, Albaceten aurka jokatuko dute Jokin Aranbarriren mutilek, larunbatean, urriak 3, 14:00etan. Gaztela Mantxako taldea azken postuan dago, puntu bakarrarekin.