Gerrako interpretazio zentroa zabalik

Gerrako interpretazio zentroa zabalik
2015/02/02 00:00
eta kitto!

Arrateko aterpetxean dagoen Gerra Zibilaren interpretazio zentroa zapatuan (hilaren 31n) inauguratu zuten (ikus argazkiak hemen). Eguerdiko ekitaldia hasi baino pixka bat lehenago errepidea trafikoarentzat moztu behar izan zuten, azken egunotan botatako euriak lurjausia eragin zuelako. Hala ere, aurreikusitakoari jarraituta zentroak ateak zabaldu zituen eta ekitaldira gerturatutakoek Eibarko gerra zibilari eskainitako gunea ezagutzeko aukera izan zuten. Zentruaren inaugurazioaren harira ibilbide historikoa ere prestatu dute otsailaren 7, 21 eta 28rako eta martxoaren 7rako, baina talde guztiak beteta daude dagoeneko. Hala ere, bisiten inguruan dagoen interes handia ikusita, martxotik aurrera gehiago antolatzeko asmoa daukatela adierazi dute. Bestalde, bisitara apuntatu ezin izan diren pertsonek Gerra Zibilaren interpretazio zentroa ikusteko aukera izango dute, bisita egunetan goizeko 10.00etatik 14.00etara.