"Gerrako ume" gehiagoren grabazioak egiten dihardute
Gerra Zibiletik aldentzeko Eibartik atzerrira ebakuatu zituzten umeetako hamarri elkarrizketa egin zieten iaz Badihardugu elkartekoek, Ego Ibarra batzordearekin sinatutako hitzarmenari esker eta, orduan hasitako bideari jarraituta, aurten ere Errusian, Belgikan, Frantzian eta Inglaterran izandako ume haien lekukotasunak batzen jarraituko dute.
Elkarrizketatu dituztenen artean orain Zumarragan bizi den Armando Arizmendiarrieta eibartarra dago. Umetako bere oroitzapenak kamara parean kontatu ditu: Agustina arrebarekin batera Frantziako Dijon herrian egon zen eta elkarrizketan, besteak beste, aitak Eibartik Zornotzako baserri batera nola eraman zituen gogoratu du. Handik Bilbora ezer esan barik eraman zituzten ondoren, handik Frantziara… bizipen horiek, elkarrizketatutako beste guztienak bezala, betiko gordetzeko asmoz batzen dihardute.