Gerraren eta faxismoaren aurkako mobilizazioak deitu ditu GKS-k zapaturako
Gazte Koordinadora Sozialistaren (GKS) arabera, faxismoa geroz eta hedatuago dago Euskal Herrian, eta horri aurre egiteko mobilizatzera deitu nahi dituzte herritarrak: “Eibarren eta inguruko hainbat herritan pegatina faxistak azaltzeaz gain, Irungo Lakaxita Gaztetxea eta Zornotzako Matrailu Gaztetxea erasotu dituzte, pintada faxisten bitartez. Bestalde, azken hilabeteetan eraso arrazista askoren berri izan dugu Euskal Herrian. Gauzak horrela, gerraren eta faxismoaren aurka antolatzea besterik ez zaigu geratzen”.
Ildo horretan, manifestazioak deitu dituzte zapaturako, urtarrilaren 25erako, Bilbon (18:00etan Jesusen Bihotza plazatik) eta Iruñean: “Debabarreneko GKS- tik ere, lanean gabiltza. Eibarren aurkezpena, komiteak eta hitzaldia antolatu ditugu. Eta eskualdetik mobilizaziora joateko autobusa ere egongo da. Eibarren, San Juan kaletik irtengo da, 16:20ean. Tiketak Guridi tabernan erosi daitezke. Manifestaziorako gonbita egiten dugu, ezinbestekoa baita gazte langileok gerra eta faxismoaren aurka lehen lerroan egotea”.