Getari Etxegarai (La Mapatxa): “Maitatzeko moduak aldatzen dira, baina maitatzea beti dago ondo”

La Mapatxa taldea sortu berri dute Mikel Losadak, Diego Pérezek, Olatz Ganboak, Unai Izquierdok eta Getari Etxegaraik. `Loreen hizkuntza´ zortzi lorez edo koadro dramatikoz osatutako komedia da, Ibon Belandiak konposatu eta interpretatutako zuzeneko musikaz lagundua, non ahozko tradizioko herri-kantak musika elektroniko bihurtuta berreskuratzen diren. Kantu horiek guztiek osagai bera dute: loreak norbait konkistatzeko estrategia gisa erabiltzea. Antzezlana martxoaren 1ean, domeka, ikusi ahal izango da, 19:00etan, UNIko areto nagusian, Eibarko Antzerki Jardunaldien barruan.
Getari Etxegarai (La Mapatxa): “Maitatzeko moduak aldatzen dira, baina maitatzea beti dago ondo”
2026/02/27 11:06
Ana Aizpurua

Proiektu honen bidez, bere ibilbidea abiatu du La Mapatxa Teatroak.  ‘Loreen hizkuntza’ lan honetan aktore bezala aritzeaz gain zuzendaria ere bazara.
Bai, nik zuzendu dut. Ideia originala Unai Izquierdorena da; bera da gure konpainian dramaturgia lantzen duena. Hala ere, prozesua oso irekia izan da. Berak proposamena ekarri zigun eta testua guztion artean moldatu genuen, gure ukitu pertsonala emanez. Hasieran testua gogorragoa zen, eta komedia puntu bat gehitu genion, gai serio bati buruz hitz egin arren umorea galdu nahi ez genuelako. Horrela sortu zen gure lehenengo lana, `Loreen hizkuntza´.

La Mapatxa taldeko Getari Etxegaraik zuzendu du konpainiaren lehendabiziko lana.

 

Zergatik aukeratu duzue maitasun harremanen gaia?
Argi daukagu gai sozialez eta jendeari momentuan arduratzen zaizkion kontuez hitz egin nahi dugula. Gaur egun pil-pilean dago jendea ezagutzeko modu berrien gaia: sare sozialak, aplikazioak… Horren inguruan hausnartu nahi genuen. Maitasuna betikoa da, baina ezagutzeko moduak asko aldatu dira.

Eta hori guztia umorearen bidez kontatzen duzue.
Bai, umorea gure baitan dago. Egia da gaia konplexua izan daitekeela, baina guk beti diogu komedia konplexua dela egiten duguna. Ez da umore sinplea; badu bere buelta eta bere gogoeta.

 Itxaropena aipatzen duzue abiapuntu bezala. Nola agertzen da hori eszenan?
Saiatzen gara bidean gauza asko gerta daitezkeela esaten, mina jaso daitekeela edo dezepzioak izan daitezkeela, baina denak balio duela ikasteko. Beti atera daiteke zerbait ona. Pertsonaiek bizipen oso desberdinak dituzte obran zehar, eta uste dut politena dela ikusle bakoitzak pertsonaia batekin edo bestearekin konektatuko duela.

Nolako publikoa espero duzue Eibarren?
Egia esan, denak dira ongietorriak. Hasieran uste genuen agian gazteagoentzat zela, hizkuntzagatik edo gaiagatik. Baina konturatu gara jende heldua ere oso interesatuta egon dela eta asko baloratu gaituela. Une honetan ezin dugu esan zein den gure publikoa: denak izan daitezke.

Zein izan da zure ukitu pertsonala muntaketan?
Asko gustatzen zait ikuslegoaren sentimenduekin jolastea. Ikusleak pentsatzea komedia bat ikustera datorrela, erlaxatuta egotea… eta bat-batean buelta ematea denari. Une batean barrea, eta hurrengoan drama-tragediara hurbiltzea. Buelta hori lortzea izan da nire helburu nagusietako bat.

Zure ustez, nola aldatu da maitasuna bizitzeko modua?
Lehen jendea aurrez aurre ezagutzen zen: tabernetan, gaztetxeetan, kalean… Orain sareen bidez ezagutzen du elkar askotan. Profil baten atzean ez dakizu nor dagoen edo zenbat den egia. Horrek badu arriskua. Hala ere, ez dut ikuspegi pesimista izan nahi: jende askok harreman politak sortzen ditu horrela ere. Ez dugu itxaropena galdu nahi.

Zer mezu eramatea gustatuko litzaizuke etxera publikoak?
Maitatzeko moduak aldatzen ari direla, bai ligatzeko bai harremanak izateko moduak, baina itxaropenerako lekua badagoela. Maitatzea beti dago ondo, eta ateak ez dizkiogu inoiz itxi behar. Esperientzia txarrek ere balio dute ikasteko; dena ez da zuri edo beltz.

Musikak ere garrantzi handia dauka obran, ezta?
Bai, eta gainera zuzenean daukagu. Zoragarria da hori. Oholtzan bertan jotzen da musika eta ikusleak momentuan bizi du. Gainera, musikariak, Ibon Belandiak, paper garrantzitsua dauka istorioan. Ikus-entzunezkoek ere lekua dute Inés Bermejori esker.