Gipuzkoako Foru Aldundiak 830.000 euro inbertitu ditu Debabarreneko kirol-azpiegituretan

Gipuzkoako Foru Aldundiak 830.000 euro inbertitu ditu Debabarreneko kirol-azpiegituretan
2024/01/26 11:42
eta kitto!
Marta Pastor Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendariak atzo goizean Eibarren azaldu zuenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiak 830.000 euro inbertitu ditu Debabarreneko eskualdean, zehazki, Eibar, Elgoibar eta Mutrikuko kirol-azpiegiturak hobetzeko, Goizane Álvarez diputatuak zuzentzen duen Kiroletako Foru Departamentuak bultzatzen duen 2023-2025 Kirol Ekipamenduen Planari esker".

Jon Iraola Eibarko alkateak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo Saratsuegiko skatepark berrian Marta Pastor Kirol zuzendariarekin batera.  Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak 80.000 euro inbertitu ditu Saratsuegiko skate-pista berritzeko proiekturako, zeinak 246.675 euroko kostua izan duen.  Obrei esker, instalazio hori egokitu ahal izan da “skate-a, patinajea eta bizikletekin jauziak egitea gustuko dituztenen eskaeretara”. Pista berria berrizterakoan, kontuan hartu da kirol honetan izaten ari diren berritasunak.  Horrela, "gaur Eibarrek egungo premietara egokitutako kirol urbanoetarako (skate-a, BMX eta rollerskate-a) instalazio bat du", esan zuten.

Saratsuegiko parkeak skatepark egiteko azpiegitura bat zuen duela urte batzuetatik, baina urteak igaro ahala instalazio hori hondatuz joan zen, eta zaharkituta ere geratu zen kirol urbano deritzen praktika berrietarako, eta, beraz, "garai berrietara" egokitzea eskatzen zuen. “Gaur skaterrek merezi duten lekua dute kirola modu seguruan egiteko beren beharretara egokitutako instalazio batzuetan”, esan du Marta Pastor Kiroletako zuzendariak, instalazio berriaren diseinua Udalaren eta erabiltzaileen artean egin dela azpimarratu ondoren. Lankidetza horri esker, giltzurrun formako arrapala edo ‘bowl’ erako gune bat jarri da, bai eta hainbat modalitatetarako erabiltzeko aukera ematen duen kaleko eremu edo ‘street’ bat ere.

Jon Iraola Eibarko alkateak eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari Saratsuegiko skateparkeko hobekuntza-lanak egiten laguntzeagatik. Adierazi zuenez, “hobekuntza hauek erabiltzaileen eskaerak entzutearen eta aintzat hartzearen ondorio dira; izan ere, erabiltzaileek zuzenean parte hartu zuten berritze-proiektua egiterakoan. Proposamen zehatzak aurkeztu zituzten, instalazioak berritzearen premia nabarmentzen zutenak. Udalak lanean jarraituko du erabiltzaileen eskariei eta premiei erantzuteko". Azkenik, Jon Iraolak nabarmendu zuen “Hijos de Gabilondo” obretarako aurreproiektuan pump track bat eraikitzea aurreikusita dagoela, horrela, skate, BMX eta rollerskate erabiltzaileek beste espazio bat izango lukete kirola egiteko.

Bestalde, Pastorrek azaldu du Kirol Zuzendaritzak, Kirol Instalazioen Planaren bidez, inpaktu soziala eragin nahi duela, hiri-eraldaketa bat eraginez instalazioaren beraren inguruan, inguruko parkearen espazioa irekiz eta oinezkoen segurtasuna nabarmen hobetuz. “Gaur, herriko hirigintzan ere eragina duen proiektu bat aurkezten dugu, espazio publiko hau berreskuratu eta dinamizatu nahi duen egitasmo baten bidez, eta, are,  tokiko ekonomia dinamizatzea ere lortu dugu”. Adibidetzat jarri du, erabiltzaile-kopuruaren hazkundearen ondorioz, lortu dela negozioak irekitzea kirol-jarduera honetarako artikulu espezializatuekin.

2023-2025 aldirako Kirol Ekipamenduen Planak 35 udalerri eta 523.091 pertsona biltzen ditu, hau da, gipuzkoarren % 72,8; 10 gipuzkoarretik 7, alegia. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak 8.180.000 euroko partida jarri du kirol instalazioak hobetzeko.