Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Ongizatearen Plaza jardunaldiak abian dira Errebal plazan
Errebal plazak ongizatea hartu du erdigunean Eibarren. Bi egunez, hitzak, gorputzak eta kezkak elkartu dira merkatuaren babesean, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Ongizatearen Plaza jardunaldien baitan. Adin guztietako herritarrentzat pentsatutako egitarauak gorputzaren zaintza, osasun mentala, bakardadea, berdintasuna eta elikadura jarri ditu mahai gainean.
Hona hemen egitaraua:
Otsailak 26, eguaztena
10.00-11.30 - Osasuntsu zahartu
Adinberriren eskutik, goizero ETBn egiten den programa berezia: Iñigo Vicens prestatzaile fisikoarekin kirol saio irekia; Naia Rosek estimulazio kognitiboko saioa egingo du eta Raquel Rodriguez mindfulness-ean adituak ere hartuko du parte.
11.30-13.00 - Nahi ez den bakardadea
Sozialki isilarazitako errealitate bati ahotsa emango diogu benetako hiru istorioren bidez, Ados Teatroak ekoitzitako film laburrak proiektatuz; eta jarraian, J.A. Vitoriaren (Ados Teatroa), protagonistetako baten eta, UNTZAGA, Eibarko jubilatuen elkartearen arteko solasaldia.
17.00-18.00 - Osasun mentala mintzagai
Why Not Fundazioaren zuzeneko podcasta, osasun mentalaren inguruan. Desgaitasun intelektuala eta gaitz mentalak dituzten herritarrekin hitz egingo dute, eta besteak beste, Eibar Genuine taldeko kideekin.
18.00-19.00 - Emakume ahaldunduak
Emakume ahaldunduek Eibarko garapenean izan duten paperaz solastuko dira Arrate Berasaluze langile eta aktibista feminista historikoa, Kabia-Eibar San Adres egoitzako zuzendari Mariam Ourdi El Alaoui, EITBko kirol kazetari Ana Ramos, Maite Aperribay ekintzailea eta Eibar Clubeko presidente Amaia Gorostiza.
Otsailak 27, barixakua
10.00-11.30 - Gazteen ongizatea
Sare-sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera, suizidioaren hautua... Gazteak izango dira euren ongizatean eragina duten faktore desberdinak azaleratu eta eztabaidatuko dituztenak. Armeria Eskolarekin batera antolatutako saioa.
11.30-13.00 - Elikadura jasangarria
Jakoba Errekondo agroekologian adituarekin solasaldia. Harekin batera egongo dira Debabarrenako bi nekazari euren esperientziak kontatzeko: Egotza baserriko Nagore Martin eta Amazabalegi baserriko Ander Urkia Saiz.
18.00-19.00 - Teknoadikzioak
Haurren ongizate emozionalean, sozialean zein fisikoan duten eraginagatik, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa Altxa Burua elkartearekin. Bereziki gurasoei bideratutako saioa.
19.00-19.30 - Kantu Jira
Kantu Jira saio berezia eta ondoren pintxo poteoa.