Gipuzkoako garbitzaileek mobilizazioekin jarraituko dute, "sektoreko prekarietatearekin amaitu arte"

Gipuzkoako garbitzaileek mobilizazioekin jarraituko dute, "sektoreko prekarietatearekin amaitu arte"
2023/05/26 12:42
eta kitto!
Gipuzkoako eraikin eta lokaletako garbikuntza sektoreko langileek hainbat mobilizazio egin dituzte egunotan eskualdeko herri ezberdinetan, tartean Eibarren eta Elgoibarren, %40,46ko soldata arrakala dutela salatzeko, besteak beste. ELA sindikatutik adierazi dutenez, “taldeak 5.000 langile inguru ditu, eta bost urteko negoziazioen ostean jo dute grebara. ELAk oso balorazio positiboa egin du grebaren jarraipenaz, nahiz eta salatu gatazka ikusezin bihurtzeko ahaleginak egin diren”.

Sindikatuko ordezkariek gogorarazi dutenez, “bai patronalak bai erakunde kontratatzaileak dira sektorearen egoeraren erantzule. Soldata arrakalak, partzialtasunak edo prekaritateak sistema matxista bati erantzuten diote, eta sistema horrek, beste behin ere, ez die baliorik ematen urteetan gizarte osoak ikusezin bihurtu eta gutxietsi dituen lanei”.

Langileek salatu dutenez, “garbikuntzako langileok bost urte daramatzagu hitzarmenik gabe, eta eros ahalmenaren %15 galdu dugu. 1180 euro gordineko hileko soldata kobratzen dugu lanaldi osoan. Egia esan, sektoreko langileen %80k baino gehiagok lanaldi partzialak ditu, eta, beraz, hilean 1.000 euro gordin baino gutxiagoko soldata du kolektiboaren %80ak. Ez da zaila astean 10 orduko lanaldiak dituzten eta enpresa batean baino gehiagotan lan egiten duten langileekin  topo egitea. Negoziazio-mahaia erabat blokeatuta dago. Negoziazio honetan patronala Aspel da. Aspel Estatuko garbikuntzako patronala da, eta ez du Gipuzkoako garbiketa-enpresen  %30 ere ordezkatzen. Aspelek, aurretik egin bezala, negoziaketan planteamendu erregresiboak egiten ditu, eta, horrela, jada prekarioak diren langileen lan-baldintzak okertzea proposatzen du”. Langileek adierazi dutenez, mobilizazioekin jarraituko dute, “sektorearen prekaritatea amaitu arte”.

[video width="640" height="368" mp4="https://etakitto.eus/wp-content/uploads/2023/05/VID-20230525-WA0004.mp4"][/video]