Giro ederrean joan dira Amañako Jaiak
Barixakuan hasi eta atzo iluntzera arte, giro paregabea nagusitu zen Amaña auzoan (ikusi argazkiak). Jaiari hasiera emateko txupinazoa Jose Luis Novoa Armeria Eskolako zuzendariak ixotu zuen barixaku arratsaldean eta hortik aurrera jai egitaraua osatzen zuten jarduerak bata bestearen atzetik garatzen joan ziren: herri kirolak, entzierro txikia, Willis Drummond, Esne Beltza eta Zea Mays taldeen kontzertua barixakuan; pelota partiduak, herri-bazkaria, umeendako parkea, Amaña-Urko-Amaña herri-krosa, kale-antzerkia, helduen danborrada, suzko erroberak eta berbena zapatuan; eta meza, umeen danborrada, lorontzi lehiaketa, umeendako jokoak, pailazoak eta Elegancia Mexicana mariatxiaren emanaldia domekan.
Datorren asteburuan jarraituko du jaiak Amañan: barixakuan Ixua jatetxean auzoko jubilatuentzat urtero antolatzen den bazkaria egingo da eta 21.30etatik aurrera, berriz, bertso-afaria, Sustrai Kolina eta Amets Arzallus bertsolariekin, Caserío jatetxean. Domekan, hilaren 15ean, 11.00etan meza ospatuko da El Salvador Amañako elizan, Goruntz abesbatzak lagunduta eta horrekin agurtuko dituzte aurtengo jaiak, datorren urtera arte.