Giro ederrean ospatu dugu ...eta kitto! Jaia aurten ere
Aurten ere benetan arrakastatsua izan da …eta kitto! Euskara Elkarteak urriaren lehenengo zapatuan ospatu ohi duen …eta kitto! Jaia. Aurten lehen aldiz bakarrik goizez izan da, baina jaiak iraun duen bitartean Untzaga plaza jendez lepo egon da. Bertaratu den jendeak Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sei sagardotegiren sagardoa dastatzeko aukera izan dute, txorizo eta gazta-pintxoekin lagunduta. Sagardoaz gain, euskal giroa eta euskara izan dira jaiaren ardatzak, herritarren artean euskaraz berba egiteko eta elkartzeko gune bat sortzea baita …eta kitto!-ren helburuetako bat.
Sagardoa dastatzearekin batera, garai batean sagardoa nola egiten zen ezagutzeko aukera ere izan da, Untzagan dolarea martxan egonda eta. Eta sagarrak txikitzeko erabiltzen zen kirikoketa nola erabiltzen den ere bertatik bertara ikusteko aukera izan da.
Eibarko Musika Eskolako ikasleek eta Asier eta Kike txalapartariek girotu dute goiza, eta Ernesto Ezpeleta «Bihurri» aizkolariak Desguaces Bergarak utzitako bi automobil erditik ebaki ditu, herri-kirolen erakustaldi berezian.
Aurtengo …eta kitto! Jaian Asier Sarasua omendu dute, Eibarren euskararen eta naturaren inguruan egindako ibilbideagatik. Eta, horrez gain, Marisol Uriarte eta Julian Fernandez elkarteko lantaldeko kide ohiei ere aipamen berezia egin zaie.
Zozketan saritutako zenbakia 1800 izan da
Jaiaren amaieran, …eta kitto!-k saldutako rifen zozketa egin da, eta zenbaki saritua 1800 izan da. Irabazleak bi lagunentzat luxuzko asteburu-pasa jasoko du. Agertuko ez balitz, 2097 ordezko zenbakiarentzat izango litzateke saria, eta bestela 1444 bigarren ordezko zenbakiarentzat.









































































































































