Giro ederrean ospatu dugu ...eta kitto! jaiaren lehen zatia
Goizeko saioa eguerdian hasi da. Txotx egitearekin batera, euskaltzaletasunari saria jaso du Zaloa Urain Kokein taldeko abeslariak, hunkituta. Musika Eskolako Marisol Arrillagaren taldeko trikitilariek eta Asier Osoro txalapartariak girotu dute eguerdia, eta beste urteetan bezala, dolarea egon da, sagardoa egiteko prozesua jendeari erakusteko, eta kirikoketarekin sagarrak txikitzeko aukera ere izan dute txikienek.
Arratsaldean ere Bereziartua, Lizagasar, Zabala, Saizar eta Oyarbide-Zabalegui sagardotegietatik ekarritako sagardoa dastatzeko aukera izango da. Tiketak 10 eurotan salduko dira (edalontzia + zapia + pintxoa), eta pintxoa soilik nahi dutenentzat, 2 euroko tiketak egongo dira.
Elektrotxaranga eta argazki-lehiaketa
Bestalde, berritasun gisa, Patxangoi elektrotxarangak girotuko du iluntzea, eta egun osoan Photocolla egongo da, jendeak bertan argazkiak egiteko. Aurten ere argazki-lehiaketa egingo da, argazkiak gure Instagram kontuan partekatzen dituztenekin. Parte-hartzea oso erraza izango da: Instagrameko @gaztekitto kontua jarraitu, argazkiak igotzerakoan #sagardoetakitto traola erabili, eta @gaztekitto etiketatu.
…eta kitto! Jaia amaitu aurretik, 20:00ak bueltan, luxuzko asteburua zozketatuko da. Euro baten truke eros daitezke rifak, eta saria eramaten duenak Gasteizen asteburu ederra pasatuko du (Hotel Silken Ciudad de Vitorian bi lagunentzako gaua eta armosua; afaria Gasteizko El Portalon jatetxean; bisita gidatua Santa Maria katedralera eta Andra Mari zuriaren dorrera; eta degustazio menua Andere jatetxean).