Goazen Plazara jai giroan ospatuko da zapatuan Untzagan
Eibarko Herrirak gaur eguerdian aurkeztu du zapaturako, beste herri askotan egingo denaren bidetik hilaren 19rako Goazen Plazara Goazen Untzagara izenburuari jarraituta antolatutako egitaraua: 11.00etan ekingo diote programari Untzagan, trikitilariekin. 11.30etatik aurrera umeendako puzgarriak, tailerrak (makillajea, eskulanak…), ipuin kontalaria (Zurrumurru taldeko Nerea Ariznabarretak "Mamuak eta beste auzokide batzuk" ipuin kontatuko du) eta bestelakoak egongo dira martxan. Edaria, txistorra eta kamisetak ere salgai ipiniko dituzte. 13.00etan, berriz, Eibarko Euskalgintzaren eskutik antolatu den Gantxillaren bat egingo dute eta 14.00etan hasiko den ekitaldi politikoaren ondoren, 14.30etan herri-bazkaria hasiko da (tiketak Karrika, Deportibo, Buenos Aires eta La Taberna de Luis tabernetan salgai, 15 eurotan beharginentzat, 12 eurotan langabetuentzat, umeak doan). Bazkal ostean kantuan eta dantzan jarduteko aukera izango da.
Presoen eskubideak betetzeko eskaera
Ekitaldiaren aurkezpenean "presoen giza eskubideak errespetatzeko" eskaerarekin batera, gogora ekarri dituzte Eibarko preso politikoak, euren egoeraren inguruko salaketa eginda: "Ibon Muñoa Elkoroiribek 11 urte daramatza kartzelan, Puerto de Santamarian Euskal Herritik 1.000 kilometrora dago eta Euskal Herrian egon beharko luke. Mikel Zarrabe Elkoroiribek 22 urte daramatza kartzelan eta Frantzia eta Espainiako hainbat kartzela ezagutu ondoren, Teruelgo kartzelan dago zokoratuta. 24 urterako zigorra du eta aspaldi behar zuen kalean, baldintzapeko askatasunean. Eta Aniaiz Ariznabarreta Ibarluzea 2010eko irailaren 14an Guardia Zibilak atxilotu eta torturatu zuen. Oraindik epaitu gabe, Madrilgo Sotoko kartzelan dago eta baldintzapeko askatasunean kalean egon beharko luke".