Goizpasa ederra egin zuten familia berbalagunek Alluitz Naturan
Joan den zapatuan, Gurasoak Berbetan eta Ongietorri programetako hainbat familia Abadiño aldera joan ziren, han, Urkiolako Parke Naturalaren magalean dagoen Alluitz Natura Baserri Eskolan goiza pasatzera. Hirurogehi haur eta heldu abiatu ziren bi autobusetan eguraldi bikainak lagunduta. Behin hara iritsita, hiru taldetan banatu ziren eta hainbat ekintza egin zituzten: Batetik, gatzatoa eta gazta freskoa egin eta dastatzeko aukera izan zuten; bestetik, taloak egin zituzten, txokolatez beteak eta, amaitzeko, animaliak bertatik bertara ikusi eta ukitzeko aukera izan zuten. Ardiei jaten eman zieten eta ponitxoekin argazkiak atera zituzten. Ardi latzaren inguruko azalpenak ere adi-adi jarraitu zituzten.
...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatzen ditu bi programa horiek; batetik, Gurasoak Berbetan programak familia-giroa euskalduntzea du helburu eta, bestetik, Ongietorri harrera eta elkarbizitzarako programa da eta euskaraz ezer ere ez dakitenei gure hizkuntzara eta kulturara hurbiltzeko aukera ematen die.