Gorengo Mailako Eibartarrak FT-k garaipenaren hasi du denboraldia
Intxurre izan zuen arerio, etxetik kanpo, eta 2-3 irabazi zion
2026/09/22
16:00
eta kitto!
Joan den asteburuan hasi zuten 2026/27 denboraldia Eibartarrak FT-ren zenbait taldek. Gizonezkoen Gorengo Mailan jokatzen duen taldeak Intxurre KE-ren aurka jokatu zuen, Alegiako Elorri zelaian, eta hiru puntuak etxera ekartzea lortu zuen 2-3 irabazita.
Partida ez zen ondo hasi eibartarrentzat, etxekoak aurreratu baitziren Egoitz Agirreren golarekin, baina zuribeltzen erantzuna ezin hobea izan zen, hiru gol sartu baitzituzten bost minututan: Haritz Robles (39’) eta Jon Osa (42’ eta 44’).
Ibiur Etxeberriak aldea murriztu zuen 86. minutuan, baina eibartarrek ondo eutsi zioten markagailuari eta lehen hiru puntuak lortu zituzten.
Asteburu honetan Unben jokatuko du Eibartarrak FT-k, larunbatean, 18:00etan, Segura Aizkorri FT-ren kontra.