Gorka Ganso (aktorea): “Gai zailak landu behar direnean, hobe umorez egitea”

Gorka Ganso  (aktorea): “Gai zailak landu behar direnean, hobe umorez egitea”
2017/01/27 10:04
eta kitto!
“Kaput” izeneko ikuskizuna taularatuko du gaur  (urtarrilak 27) 20:30ean Gorka Gansok, Txefo Rodriguez lagun duela, Coliseoan. Orain dela pare bat hilabete estreinatu zuten Jimena Cavalletiren lan hau eta orain arte egindako agerraldiekin eta publikoaren harrerarekin “oso pozik” daudela diote. Kaput-ez gain beste bi ikuskizun ditu Gansok bere Ganso & Cia konpainiarekin, hirurak ere hitzik gabekoak, eta Euskal Herrian aritzeaz gain, estatu mailan, Frantzian edota Hego Amerikan ere ibili dira. Sarrerak 5 euro balio du.

– Zeren inguruan dihardu 'Kaput' lanak?
Bi pertsonaiaren ihesaldi “geldia” kontatzen du. Ihesi doaz baina ez dira mugitzen, izan ere, kotxea hondatzen zaie bidearen erdian. Guda bat da ihesaren arrazoia baina beste guda bat dute aurrean eta baita beste batzuk alboetan ere. Halako egoera larrietan gizakion alderdi negatiboak azaleratzen dira eta lagunak izatetik etsaiak izatera pasatzen dira protagonistak. Hala ere, aurrera egiten dute eta  berriz aurkitzen dute bizitzaren alde positiboa. Ikuskizun hau egunero hedabideetan ikusten dugun ezinegona islatzeko egin dugu. Pertsonen muturreko egoera hori eta honek guztiak duen larritasuna salatzeko. Kaput du izena, protagonisten bizitza, kotxea eta inguratzen dituzten gauza guztiak apurtuta edo apurtzear daudelako. Amildegi horren alboetan egotea gustatzen zaigu, pailazoak izanda egoera horrek jolasteko aukera ematen digulako.

– Eta zergatik halako gai serio bat umore klabean?
Umorea guretzat instrumentu edo erreminta bat da, nolabait, egoera negatiboengandik apur bat aldentzeko balio duena. Barrearen bitartez ikuslegoak halako gai serio eta kezkagarri bat errazago onartzen du. Ikuspegi dramatikoago bat erabilita ikuslegoa aspertu edo nazkatu egin dezakegu, baina umorearekin gauzak gozoago sartzen dira begietatik. Gai zailak landu behar direnean, hobe umorez egitea.

– Hitzik ez egiteak zer dakar horrelako ikuskizunean?
Ikuskizun mutua den aldetik, keinuen bitartez komunikatzen gara. Askotan hitzek gauza asko esan ditzakete baina beste batzuetan gauzak ezkutatu ere egiten dituzte. Gorputzek bestalde, ez daukate hainbeste gaitasun gauzak ezkutatzeko eta komunikatzeko modu garbiagoa dute. Halako ikuskizunek atzerrira joateko aukera ere ematen digute eta komunikatzeko modua oso basikoa edo primitiboa denez, txoko guztietan eta adin desberdinetako jendeak ulertzen gaitu.