Gorka Minguez: “Gazteak antzerkira erakartzeko ez dira deskontuak behar, euren intereseko gaiak baizik”

Erre produkzioak’ antzerki taldeak ‘Bihar arte soilik’ antzezlana eskainiko du bihar, 19:00etan, Coliseo antzokian
Gorka Minguez: “Gazteak antzerkira erakartzeko ez dira deskontuak behar, euren intereseko gaiak baizik”
2024/03/08 11:58
eta kitto!

Harreman irekiak, sexualitatea ulertzeko modu berriak… Horrelako gaiak lantzen ditu ‘Bihar arte soilik’ antzezlanak. Bertan Aitziber, Olatz, Ilargi eta Ekaitz laukoteak Karibera egiten duten bidaia kontatuko dute, gai sakonak umore kutsuarekin landuz. Gorka Minguez zuzendariarekin egon gara.

 

Antzerki Jardunaldien aurkezpenean esan zuten antzezlan hau aproposa zela gazteak antzerkira erakartzeko. Ondo esan zuten?

Bai, horrela da. Antzezlan hau egin aurretik, Lorea Intxausti eta Albar Cirarda aktoreekin egin nuen lan ‘Fake’ ikuskizunean. Eurekin berriz lan egin nahi nuela esan nien eta, horretarako, landu beharreko gaia eurek nahi zutena izan zedila aipatu nien. Esan behar da, bestalde, euretako inork ez duela 24 urtetik gora. Beraz, eurek erabaki zuten gaia, baina argi genuen David Caiñak idatzi behar zuela antzezlanaren gidoia. Izan ere, aurretik ere Davidekin egin genuen lan, eta aktoreen eta nire adinen artean kokatzen da, nik 45 urte ditudalako eta Davidek 32.

Zein gai lantzea aukeratu zuten?

Harreman irekiak, aurreko belaunaldiekin alderatuz harreman sexualak eta identitatearen kontua gazteek nola bizi duten… Lorea Intxausti eta Nerea Elizalde aktoreek zenbait bilera egin zituzten Davidekin, eta norekin lan egin nahi zuten galdetu genien. “Lagunekin”, erantzun zuten, eta horrela egin dugu. Denek ezagutzen zuten elkar eta oso erraza izan da dena. Davidekin egindako tailerretan testua planifikatu eta istorioa nondik bideratu zezaketen landu zuten. Kontua da antzezlanean harreman irekien inguruan egiten dela berba, antzezlanaren zuzendaria eta testuaren sortzailea erabat monogamoak garenean. Beraz, gazteen buruan sartu behar izan gara. Lanketa horretatik atera dugun ondorioetako bat da errespetua eduki behar dela beti, mugak daudela eta berba egin behar dela. Bakoitzak bere mugak ditu, baina beti daude mugak. Beraz, antzezlana ikustera gazteak ez diren ikusleak etortzen badira ere, identifikatuta sentituko dira.

Zergatik?

Lau pertsonaia daudelako eta bakoitzak bere modura bizi dituelako harreman pertsonalak, frustrazioak, eta abar. Orduan, pertsonaia batekin edo bestearekin identifikatuta sentitzea errazagoa izango da. Antzezlana Bilboko Arriaga antzokian eta Andoainen eskaini dugu, besteak beste, eta ikusi dugu publiko gaztea hurbildu dela. Beraz, lortu dugu gazteengana heltzeko helburua.

Antzezlanaren sorkuntzan gazteak egoteak lagunduko zuen horretan, ezta?

Kontua ez da izan euren buruan jartzea, baizik eta obra eurek sortzea. Hori bai, egitura enpresarial eta artistiko heldua eskaini diegu hori aurrera eramateko.

Aipatutako kontatzeko, nolako tonua erabiltzen duzue?

Komedia dramatikoa da eta, gainera, zinema kutsua du. Gazte batzuek beste batzuek baino modu dramatikoagoan biziko dute antzezlana, baina orokorrean publikoak gozatu eta barre egingo du. Nahiko motza da, 70 minutuko iraupena du. Bestalde, obra saltzeko orduan antzerki-programatzaileei esaten genien gazteak antzerkira erakartzeko ez direla deskontuak bakarrik egin behar, baizik eta eurentzat interesgarriak izan daitezkeen gaiak landu behar direla. Arriskua duen apustua da hau, bai antzerki taldearentzat bai programatzaileentzat, 16 eta 25 urte arteko publikoari antzerkira joatea kostatzen zaiolako.

Era berean, ez da hain ohikoa antzerkian aktore hain gazteak ikustea. Hau da, ohikoagoa da telesailetan edo pelikuletan aktore gazteak ikustea, baina antzerkian ez hainbeste. Horrela da?

Bai, baliteke horrela izatea. Aipatzekoa da, adibidez, ‘Bihar arte soilik’ antzezlaneko hiru aktore ‘Go!azen’ telesailean agertzen zirela. Beraz, badute esperientzia ikus-entzunezkoetan. Antzezlan batzuetan badaude aktore gazteak, baina egia da ez dela ohikoena obra batean aktore guztiak hain gazteak izatea.

Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zenuten antzezlana eta orain Eibarrera zatozte. Zuk ibilbide luzea egin duzu aktore eta zuzendari moduan. Nolako harremana duzu Eibarko Antzerki Jardunaldiekin?

Eibarko Antzerki Jardunaldiak erreferenteak dira Euskal Herriko antzerki munduan eta ilusio handia egiten du zure antzezlan bat bertan eskaintzeko aukeratua izateak. Eibarren aritzea berez da plus bat. Orduan, Jardunaldietan egotea are gehiago. Eibarren egon eta gero Donostiako Antzerki Azokan egongo gara. Antzerki-programatzaileek ikuskizun honen aldeko apustua egin dute eta oso eskertuta gaude.