Greba mugagabea hasiko dute hilaren 14an Avanza enpresako langileek

Larunbat eta igandeetan egingo dute greba eta gutxieneko autobus zerbitzua emango da
Greba mugagabea hasiko dute hilaren 14an Avanza enpresako langileek
2025/06/05 13:26
eta kitto!

Avanza autobus enpresako langileek greba mugagabea hasiko dute ekainaren 14an. Lanuzteak astebururo egingo dituzte. Avanza enpresaren web orrian argitaratu dituzte asteburuetan izango diren gutxieneko zerbitzuak (kontsultatu hemen) eta edozein zalantza argitzeko erabiltzaileen esku jarri dute Bezeroarentzako Arreta Zerbitzua: 900 12 14 00 telefono zenbakia.

“Egun horietarako erositako txartelak dituzten erabiltzaileek, deialdiaren eraginpean badaude eta joan-etorria bertan behera utzi nahi badute, ohiko kanalen bidez egin dezakete”, diote Avanzaren webgunean.

ELA sindikatuak adierazi duenez, azkeneko protesten ondoren, enpresak ez du keinu bat bera ere egin langileekin harremanetan jartzeko. Gainera, Gipuzkoako Diputazioak ere gatazkan zeresan handia duela diote.

 

Urtean 1.592 ordu

Langileen eskari nagusia urteko lanordu kopurua 1.592 izatea da, eta ez 1.650 ordukoa, gaur egun bezala. Bestalde, gogorarazten dute hiru urte daramatzatela lan hitzarmena berritu barik, horrek dakarren eros-ahalmenaren galerarekin (besteak beste, ez diete KPIa eguneratu), Lurraldebusen bestelako enpresa batzuetan ordu kopuru hori lotuta duten bitartean.

Langileek diote prest daudela jaitsi beharreko ordu kopurua progresiboki jaisteko eta ez denak batera urte batetik bestera. Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak Avanzari lizitazioa bost urtez berritu behar dionez, ELA sindikatuak uste du administrazio publikoak zeresan handia duela gatazka honetan.