Grebarekin bat egin duten hainbat eragilek gaur arratsalderako manifestazioa deitu dute
Eibarko hainbat eragile sozial, kultural eta politikok agerraldia egin zuten aurreko astean, bihar martxoak 29rako deituta dagoen greba orokorrari babesa adierazteko eta, bide batez, "greba bultzatzeko bezperan, martxoaren 28an 19.00etan Untzagatik abiatuko den manifestazioan parte-hartzeko" gonbidapena luzatzeko. Komunikabideen aurreko agerraldian mahaian jarrita egon diren ordezkariak Begoña Vesga (Alternatiba), Nerea Castro (EA), Iñaki Amuategi (Ezker Abertzalea), Sergio San Jose (Aralar) eta Asier Serrano (abeslaria) izan dira eta azken honek euskeraz irakurritako idatzia jarraian irakur dezakezue:
"Langileok errazago eta merkeago kaleratu ahal izango gaituzte - Espedienteak ez dira lan agintaritzatik pasatuko, erabakia enpresarioen esku geratuko da – Formazio kontratuaz langile bat 500 euro kobratuko ditu 33 urte bete arte – Jardunaldi partzialerako kontratatu ahal izango gaituzte jardunaldi osoa egiteko (aparteko orduak egitera beharturik) – “Ekintzaileei laguntzeko” kontratua. Lehen urtea kaleratze askea eta kalteordain gabekoa. Euskal Herriko enpresetako %97k kontratu hori erabili ahal izango dute.
Hauek dira besteak beste lan erreformaren bitartez ezarri nahi diguten etorkizuneko osagaiak. Enpresarioari ahalmen osoa eman diote bere enpresan nahi duena egiteko: soldatak jaitsi ditzakete, jardunaldia luza dezakete, kaleratu ahal gaituzte... ez daude sikiera hitzarmena betetzera behartuta. Enpresarioak ez dauka ezer negoziatzeko beharrik. Lan harreman eredua aldabakarrekoa da guztiz, nahi dutena erabaki eta ezarri. Negoziazio kolektiboa suntsitu egin dute...
Krisia aitzaki moduan erabiltzen ari dira aspalditik ezarri nahi zituzten neurriak ezartzeko, kapitalaren eta merkatuen diktadura bururaino araman ahal izateko. Gazteek ez dute enplegu egonkorrik ezagutuko, ez dute lanaldi jakinik izango, ez dute negoziazio kolektiboa ezagutuko. Langabetuek gero eta zailago izango dute lana topatzea, erreforma enplegua sortzeko eginda ez baitago. Lana lortzeak ez die bermatuko duintasun minimorik bizitzeko.
Hau dena eta gehiago egiten ez uztea guztion lana da, denon konpromiso eta parte aktiboa beharrezkoa da langileok sekula jaso ez dugun erasoaldiari aurre egiteko. Salatu eta borroka dezagun eraso basati hau. Has gaitezen lan harremanetarako euskal esparrua eraikitzen. Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugulako gure lan harremanak zehaztuko dituen arautegi propioa behar dugu. Gure etorkizuna eta bizi izateko baldintza duinak daude jokoan. Denoi; langileoi, eragile politikoei, eragile sozialei, dendari txikiei, tabernei, herritar orori finean dagokigu egoera honi buelta ematea, posible delako, gure esku dagoelako".