"Nirekin hasi euskaraz" kanpainari ekingo dio astelehenean ...eta kitto! Euskara Elkarteak

Herriko tabernetan euskararen erabilera bultzatzea du helburu ekimenak eta bi astez luzatuko da, maiatzaren 18tik 29ra
"Nirekin hasi euskaraz" kanpainari ekingo dio astelehenean ...eta kitto! Euskara Elkarteak
2026/05/15 11:18
Maider Aranberri Sarasua

Badira hamar urtetik gora …eta kitto! Euskara Elkarteak Euskeraz Primeran! ekimena martxan jarri zuela, Eibarko merkataritzan eta ostalaritzan bezeroen eta langileen arteko euskarazko harremana errazteko helburuarekin. “Euskararen normalizazio-prozesuan eremu sozioekonomikoa funtsezkoa da, eta haren baitan merkataritza eta ostalaritza sektoreak estrategikoak dira herritarren eguneroko bizitzan eta harremanetan duten eraginagatik”, diote elkartetik. Urte hauetan guztietan, elkarteak hainbat ekintza egin ditu eta egiten dihardu zerbitzuen sektorean, orokorrean, profesionalen eta bezeroen artean euskararen erabilera bultzatzeko: gilda-lehiaketa, horma-irudiak, azukre-zorroak, pegatinak, sentsibilizazio-kanpainak…

Herriko 27 taberna kanpainan

Maiatzaren 18tik 29ra, bi astez, egongo da martxan “Nirekin hasi euskaraz” kanpaina izena eman duten 27 tabernetan. “Ekintza berri honetan ostalaritzako profesionalengan eta herritarrengan jarriko dugu arreta, bien inplikazioa ezinbestekoa baita hizkuntza dinamika positiboak sortzeko eta euskarak eguneroko bizitzan duen presentzia indartzeko”. Eta lehen agurra bezalako keinu xume eta errazaren bidez lortu nahi da helburu hori, “lehen hitza edo agurra euskaraz izateak ateak zabaltzen baitizkio euskarari”.

Kanpainaren helburua, beraz, ahal den guztietan, zerbitzariaren eta bezeroaren arteko lehen harremana euskaraz izan dadila da eta, horretarako, hainbat material jarriko ditu eskura …eta kitto!-k. Zerbitzariek “Nirekin hasi euskaraz” dioen pin-a eramango dute soinean eta herritarrek, berriz, pegatina. “Aurrean dugunari esaten ari gatzaio gugana euskaraz zuzentzeko, behintzat lehenengo hitza. Gero, bakoitzaren gaitasunaren arabera elkarrizketak jarraituko du edo ez euskaraz, baina neurri batean ari gara euskal hiztunon eskubideak aintzat hartzen”. Izan ere, keinu txikia eman badezake ere, “horren atzean errealitate askoz zabalagoa ezkutatzen da: elkarbizitza linguistikoa, euskararen ikusgarritasuna egunerokoan eta euskal hiztunek normaltasunez erabiltzeko dugun eskubidea”.

Pegatinak hainbat lekutan

Tabernariek jaso dituzte honez gero euren pin-ak; herritarrek, berriz, hainbat modutan jaso ahal izango dituzte pegatinak. “Ale honetan bertan dituzue, ale bakoitzeko 16 pegatina eta gauza bera egingo dugu hurrengo alean ere, maiatzaren 24koan. Horrez gainera, eskura izango dituzue Eibarko bi euskaltegietan, Udal Euskaltegian eta AEK-n, eta kanpainan parte hartuko duten tabernetan ere bai”. Baina ikur edo sinboloetatik harago, “helburua hizkuntza-ohituretan eragin eta horiek aldatzea da, hau da, eguneroko espazioetan –kasu honetan taberna-giroan- euskararen erabilera normalizatzea.

Euskaraz ez dakitenentzat ere bai

Euskaraz jakin ez edo euskaraz egiteko ohitura galduta dutenengan ere jarriko du fokua kanpainak. Horretarako, “euskarazko esaldi errazak dituzten euskarriak jarriko ditugu ikusgai tabernetako barretan, kaixo, egun on, eskerrik asko eta antzekoekin. Gehienok, guztiok ez esatearren, euskalduna izan ala ez, ezagutzen ditugu, baina batzuetan badirudi halako pizgarri bat behar izaten dugula aktibatzeko”.

Maiatzaren 18tik 29ra, beraz, badakizue. Jarri soinean pegatina eta hasi euskaraz!

Parte hartuko duten tabernak:

Akara, Amesti, Ametsa, Aterpe, Azkena, Balkoi, Beleko, Bossa, Buenos Aires, Casino, Depor, Eibarko Hoggar, Guridi, Juanito, Kalaka, Katu Kale, Kili kili, Kontent, Kultu, Le petit, Ongietorri, Portalea, Sheiko, Tarte, Trinkete, Txaltxa, Txoko.

Herritarren ahotik / iritzia
Jokin Hazas-tabernaria
Harrera beti egiten diot euskaraz bezeroari. Garrantzitsuena, nire ustez, iniziatiba da, gogoa. Pixkatekin asko egin daiteke, esaldi apur batzuekin osa daiteke elkarrizketa txiki bat. Egia da, gazteleraz eskatzen digutenean gazteleraz erantzuteko joera dugula, baina harrera hasieratik euskaraz eginez gero, bezeroa euskalduna bada, euskaraz jarraituko du. Lehen hitz edo agur hori euskaraz izatea oso garrantzitsua da. Eta, jakina, inguruak, paisaia linguistikoak asko laguntzen du. Establezimenduak eskaintza euskaraz badu, musika euskalduna jartzen badu… jendeak euskaraz eskatuko du gazteleraz baino lehenago.

 

 

 
Edurne Zenarruzabeitia
Gehienetan euskaraz eskatzen dut. Batzuetan, ulertzen ez didatela esaten didatenean edo aurpegi arraroarekin begiratzen nautenean ez naiz gustora sentitzen. Inportantea da gogoa edukitzea eta lasai sentitzea gure hizkuntza erabiltzen ari garenean. Horrelako kanpainak ondo daude, zerbait egin beharko dugu, ia behingoz Eibar euskalduntzen dugun.

 

 

 

Gorka Guenaga
Oro har, jendeak eskertzen du lehen hitza euskaraz egiten diozunean. Batzuek, agian, ez dakite eta gazteleraz erantzungo dizute baina beste batzuk saiatzen dira euskaraz erantzuten. Askotan guk geuk aldatzen dugu gaztelerara eta ez dakit saiatzen denari mesede egiten diogun edo kalte, pausoak ematen ari den horri lagundu behar zaio, denok batera eskutik eta naturaltasunez egiten badugu errazagoa da. Hizkuntza-eskubideen kontua ere ezin dugu ahaztu. Jakintza bat, kasu honetan hizkuntza bat jakitea, ez da gehigarri bat, ez jakitea bihurtzen da eskubide. Harrigarria da. Baloratu dezagun jakintza, ez ezjakintza. Dakienaren eskubideak bermatu eta sustatu behar dira.