Guardasol azpian ospatu zen San Andres eguna
San Andres eguna euripean ospatu zen Eibarren zapatuan. Hala ere, eta karpek eskaini zuten babesari esker, jende ugari ibili zen azokan eta eguerdira bitartean antolatutako beste ekitaldietan. Bazkaltzeko ordua baino lehen, San Andres azokako sariak banatu zituen udalak: aurkezpen onenari saria Alejandro Arrietak jaso zuen eta bigarren onena Peio Rubiok eraman zuen; barazki postu onenei sariak ere eurek eskuratu zituzten, baina alderantzizko ordenari jarraituta (lehena Peio Rubiorentzat izan zen eta bigarrena Alejandro Arrietarentzat); frutetan Gabiriko Tomas Maiora saritu zuten; ezti onenak Ekaitz Aurre eta Eugenio Elortzarenak izan ziren; gaztagileen artean Azkarrako Gorka Asurmendi eta Elgoibarko Mausitxa nagusitu ziren; eta ogietan Jesus Zaldua eta Maite Leanizbarrutia saritu zituzten hurrenez hurren; Eibarko baserri onena Gisasola izan zen. Bestalde, Errebalen jokatu zen bikotekako aizkolari txapelketan Arria eta Txikon gailendu ziren, Bihurri eta Mujikaren aurretik eta gazteen artean Hodei Ezpeleta eta Iker Vicente izan ziren txapeldun.