Gurasoendako euskara klaseak erdi prezioan
Aurreko ikasturtean egindakoaren bidetik, aurten ere euskara ikasi nahi duten gurasoentzat eskaintza bereziak prestatu dituzte Udal Euskaltegiak eta AEK-k. Gaur (barixakua, hilak 5) prentsaurrekoan azaldu dituzte eskaintza bereziaren nondik norakoak Esther Kareaga Euskara-Kultura zinegotziak, Junkal Txurruka teknikariak eta euskaltegi bietako zuzendariek, Idoia Argoitiak (Udal Euskaltegia) eta Xabi Zubizarretak (AEK). Azaldu dutenez, "euskaltegi bietan euskara ikasteko tarifa berezia izango dute 0-12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoek, iazko moduan matrikulan %50eko deskontua egingo zaie". Beherapena, gainera, ikasturte hasieran, matrikula betetzeko orduan zuzenean aplikatuko da, gurasoak horrela errazago animatuko direla pentsatzen dute-eta. Izan ere, ekimena iaz ipini zen martxan lehenengoz eta oso harrera ona izan zuen, "50 guraso ibili dira euskara ikasten. Komunikatzeko gaitasuna lortzearekin batera, seme-alabei eskolako lanetan lagundu ahal izatea, eskolako liburuak ulertu ahal izatea… horrelakoen bila etortzen dira. Eta behin hasita, asko, perfilen bat eskuratzeko edo, gehiago ikastera animatzen dira". Klaseak emateko ordutegiak ere ahalik eta erosoen izaten ahalegintzen dira eta, horregatik, umeak eskolan dauden bitartean izango dira, astelehenetik eguenera. Gurasoentzat bereziki prestatutako kanpainaren berri emateko zein izen-emateko esku-orriak ikastetxeetan bertan banatu dituzte eta horiek betetzeko azken eguna irailaren 12a izango da. Informazio gehiago nahi izanez gero udaleko euskara sailera deitu daiteke (943700912, Junkal). Horrez gain, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan antolatutako saioen inguruko informazioa zabaltzeko bilera irekia egingo da datorren asteko eguaztenean (hilaren 10ean), 18.00etan Portaleko ikastaro gelan.
Kanpainaren aurkezpenean argitu dutenez, gurasoentzat ez ezik beste kolektibo batzuentzat (langabetuentzat, merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresetakoentzat, euskara plana duten enpresetakoentzat, jubilatuentzat…) ere eskaintza eta tarifa bereziak daudela gogorarazi nahi dute.