Gure Balioak saria Gemma Agirregomezkorta elgoibartarrarentzat
Gemma Agirregomezkorta elgoibartarrak jaso du aurtengo Gure Balioak saria, atzo arratsaldean Ermuko Lobiano jauregian ospatutako ekitaldian. Edizio honetan saria jasotzeko aurkeztu zituzten 30 bat hautagaien artean Agirregomezkortari saria ematea aho batez erabaki zuen epaimahaiak, bertako kideen berbetan, “iniziatiba, solidaritatea, zintzotasuna, ahalegina, konstantzia eta besteekiko zein beste kultura batzuekiko errespetua” Gemmak ordezkatzen dituen balioetako batzuk direla pentsatzen dutelako. Aurtengo sarituari 12 urterekin distrofia muskularra diagnostikatu zioten eta harrezkero erroberadun aulkian dago. Besteak beste elbarriak gizarteratzeko eta beharrian jarduteko aukerak ematearen alde gogotik beharrean jardundakoa da eta, horrekinbatera, 1985ean Elgoibarko Izpi lantegiaren sorreran lagundu zuen. 2001ean Miski GKEia sortu zuen, Cuzcon (Perun) haurrak eta batez ere neskatilak eskolaratzen laguntzeko asmoari jarraituta eta bere ekimenez bideratutako laguntasunari esker 600 bat ume eskolaratu dira honezkero. Iaz, Gure Balioak-en lehenengo edizioan saria jaso zuen Mª Tere Gantxegiren eskutik jaso zuen saria aurtengo irabazleak.