Gutxieneko pentsioak LGS-rekin parekatu arte osatzea eskatzen jarraituko dute pentsiodunek
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren deialdiarekin bat eginez, 2.500 bat pentsiodun elkartu ziren aurreko eguenean (abenduak 18) Gasteizen, tartean Eibartik bertara joan ziren andra-gizonak. Manifestazioa Bilbo plazan hasi zen, eta hiriburuko hainbat kale zeharkatu zituen. Pentsiodunen ordezkariek adierazi dutenez, “Legebiltzarraren egoitzaren aurretik igarotzean, 10 bat minutuz gelditu zen manifestazioa, eta errebindikazio garrasiak entzun ziren. Pentsiodun talde batek hutsik zeuden poltsak jarri zituen burdin sareetan, pentsioen igoera erosketa-saskiaren igoeraren oso azpitik dagoela adieraziz, eta, beraz, pentsiodun askok ezin dutela saskia bete salatzeko”.
Manifestazioaren buruan txistulari talde bat eta entzierroan parte hartu zuten lagunak joan ziren: “Manifestazio oso aktiboa izan zen, eta esloganen oihua etengabea izan zen. Alde batetik, EAJren eta PSEren jarrera antidemokratiko eta antisozialaren salaketa nabarmendu zen, HEL gaitzestearekin eta boikotatzearekin; bestetik, pentsioak osatzeko eskakizuna, lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatu arte”. Katedral Berrian amaitu zen, eta ordezkari batek bertan azaldu zituen mobilizazioaren arrazoiak. Horrekin batera Nafarroako pentsiodunek Iruñean egindako kontzentrazioa eta EHPMk martxoaren 17rako euskal gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrari emango dioten babesa ere aipatu zuten.
Pentsiodunen mugimendutik esan dutenez, “aurrean ditugun erronkak handiak dira eta planteatutako aldarrikapenak lortzeak esfortzuak, borondatea eta adorea eskatuko dizkigu. Baina egun hauetan egindako mobilizazioek eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak duela ia 8 urtetik (datorren urtarrilaren 15ean 8. urteurrena beteko dugu) daramagun borroka etengabearen alde dugun zilegitasun sozialak eskatzen ditugun aldarrikapenak lortzeko itxaropentsu jarraitzeko aukera ematen digute, bereziki gutxieneko pentsioak LGSrekin parekatu arte osatzea eta banaka aitortzea”.
ARGAZKIAK: Eibarko Pentsionisten Taldea.





