Gutxieneko pentsioak LGSarekin parekatzea eskatzeko manifestazioa egingo dute pentsiodunek maiatzaren 7an

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitu duen mobilizazioa 11:00etan hasiko da, Gasteizko Bilbo plazan.
Gutxieneko pentsioak LGSarekin parekatzea eskatzeko manifestazioa egingo dute pentsiodunek maiatzaren 7an
2026/05/04 18:18
Silbia Hernandez Arrazola

Asteroko moduan, Eibarko Pentsiodunen Taldeak elkarretaratzea egin du gaur eguerdian. Euritik babesteko, udaletxeko arkupeetan egin dute gaurko kontzentrazioa, 72 lagunen parte-hartzearekin.
Gogorarazi dutenez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak pentsiodun guztiak deitu ditu maiatzaren 7an (eguenean) Gasteizen manifestatzera, gutxieneko pentsioak Lanbidearteko Gutxieneko Soldatararekin (LGS) parekatzea eskatzeko. Gasteizko Bilbo plazan 11:00etan biltzeko dei egin dute “handik Katedral Berrira joateko, Eusko Legebiltzarraren aurretik igaroz”.
Mobilizazioarekin gutxieneko pentsioen osagarria LGS Lanbidearteko Gutxieneko Soldataraino berdintzeko konpromisoa ezin dela gehiago atzeratu gororarazi nahi diote Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari. Pentsiodunen Mugimendutik adierazi dutenez, “argi dugu EAJ-PSEren koalizio gobernuak eta kontrolatzen duten parlamentuaren gehiengoak eskaera horri kasu egingo diote soilik, gizartearen erantzun indartsu bat badute aurrez aurre”. Hori dela eta, aste honetan Gasteizen egingo den mobilizazioa garrantzitsua izango dela azpimarratu dute, eta jendea parte hartzera animatu nahi dute. Bizkaia eta Gipuzkoatik 13 autobus antolatzen ari dira, bertara joateko.