Guztiok izango dugu tokia txosnetan
Jaixak Herrixak Herrixandako jai batzordeak apustu eta ahalegin handia egin du San Juan jai hauetarako. Batetik, gaurtik martitzenera arteko egitaraua prestatu duelako; eta bestetik, egitarau hori anitza delako bere edukian, adin eta gustu ezberdinetako eibartarrontzat ekintzak batuz. Horrela, eta Txaltxa Zelaiko txosnen gunea txiki geratuko zaiela jakitun badira ere, “kontzertuetako taldeek jende asko ekarriko dutelako”, guztiok izango dugu tokia bertan aurtengo jaietan.
Azkenengo urteotan hausnarketa-prozesu parte-hartzailea garatu du Jaixak-ek, barrura eta kanpora begira egin beharrekoak detektatu eta ilusioz etorkizunera begiratzeko.
Lan hori eginda, hortik ateratako ondorioekin dihardute lanean harrezkero eta aurtengo Sanjuanak dira horren erakusgarri. “Adibidez, ez genuen egitaraua gauera bakarrik mugatu nahi, egunean zehar ekintzak antolatu nahi genituen”, esan digute jai batzordetik, eta horren adibide da hilaren 24an ospatuko den Umeen Eguna. “Normalean, 24an, arratsaldeko elektrotxarangatik aurrera sortu izan dugu egitaraua, 23ko Gazte Eguna oso potentea izaten delako, baina aurten eguneko egitaraua indartu nahi izan dugu”, dioskue Jaixak-ekoek.
Horrela sortu zen Umeen Eguna antolatzeko ideia, eta egindako hausnarketan herriko beste eragile eta norbanakoekin elkarlana bilatzeko asmoa ere irten zenez, Jaixak-en inguruan ibili izan den guraso talde bati egin zioten egun horretako egitaraua prestatzen laguntzeko proposamena. “Oso ondo hartu zuten eta eurak ibili dira goizetik arratsaldera arte egingo diren ekintzak antolatzen”, esan digutenez. Gainera, egun horretako bazkaria Basa elkarteak eta Gazte Safak prestatuko dute, herriko eragileekin duten harremana berrituz eta indartuz. “Gazte Safak parte hartu izan du aurreko urteetako egitarauetan ere, eta Basa elkartea (iazko urte amaieran sortu dena) ere batu egin da”, azaldu digute.
Domekako eskaintza ere ildo horretatik doa. Txosnak gaur zabalduko dituzte eta, ekintza berezirik antolatu ez badute ere, gaur mugimendua egongo da, eta biharko egitaraua oso indartsu dator. Beraz, astelehenean eta martitzenean datorrena ikusita, domeka atsedenerako eguna bezala planteatu dute. Hori bai, atseden aktiboa, eta baita erakargarria eta dibertigarria ere. Batetik, maila handiko bertsolariekin saioa egongo delako; eta bestetik, Wazemank saioko bideoen maratoia eskainiko dutelako, barre artean biharamuna pasatzeko.
Eta juerga nahi dutenak lasai egon daitezke. Esan bezala, biharko Etxera Egunak egitarau potentea izango duelako bazkariarekin, Patxangoi elektrotxarangarekin eta gaueko kontzertuekin (The Lio eta Judash, besteak beste). San Juan bezperan, bestalde, ohiko planteamenduari eutsi diote. “Orain arte oso ondo funtzionatu du 23rako prestatu izan dugun eskaintzak eta antzera jarraituko dugu aurten ere”, dioskue Jaixak-etik. Beraz, 23ko eguerditik 24ko goizeko ordu txikietarainoko egitaraua egongo da, tartean Sukena eta Skabidean taldeen kontzertuekin. Eta 24an ere, umeentzako ekintzez gain, arratsaldean Hamarru taldearekin elektrotxaranga eta gauean kontzertuak egongo dira (Begibide erromeria, Jon Koldo Gudariak eta Lumatzak MJ), txosnetako Sanjuanetako egitarauari amaiera emanez.
Brigada Morea
Gaur, txosnak zabaldu aurretik, Brigada Morearen bilera irekia egingo da eta agerraldia egingo dute Txiriokalen (23an ere beste bilera bat egingo da). “Aurreko urteetan egin bezala, Brigada Morearen barruan bi roletan banatuko dugu jendea. Batetik, arduradunak egongo dira, dendena kudeatzeko eta eman beharreko pausoak zehazteko; eta bestetik, sarea egongo da, besoko morearekin identifikatuko direnak”, azaldu digute Jaixak-ekoek. “Edozein erasoren aurrean (espero dugu ez gertatzea), erreferentziazko lagunak izango dira eta eurengana jo daiteke erasoa jasan edo ikusiz gero. Gainera, aurten txosna guztiak puntu moreak izango dira. Hau da, erasoren bat jasan edo ikusiz gero, jende guztiaren artean arduradunak bilatzen ibili beharrean, txosnetara jo ahal izango da eta bertako arduradunek bideratuko dute egoera. Jai seguruak nahi ditugu eta hori guztion ardura da”. Horrela lortuko dugu Sanjuanetan benetan gozatzea.