Hamar kantuz osatutako disko berria kaleratu du Xabier Badiolak

Eibarko kantugileak bere bigarren lana aurkeztu du: “Leiho Ondoan Xori Bat”. Euskarazko hamar kantuz osatutako diskoa da. Abadetxe estudioan grabatu dute lana, eta soinu xume eta gertukoa du ezaugarri nagusi. Diskoa jada entzungai dago sarean.
Hamar kantuz osatutako disko berria kaleratu du Xabier Badiolak
2026/04/16 09:59
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Xabier Badiola musikari eibartarrak bere bigarren diskoa kaleratu du, Leiho ondoan xori bat. Lehen lanetik hiru urtera iritsi da disko berria, eta bertan bilakaera nabarmena sumatzen da, bai alderdi teknikoan, bai sortzailearen ikuspegian. Lan intimista eta soila da, entzuleari interpretaziorako tartea uzten diona. Euskarazko hamar kantuz osatuta dago, eta jada entzungai dago sarean.

Diskoan, Badiolak berak jarri ditu ahotsa eta gitarra; Eñaut Zubizarretak txeloa jo du, eta Jone Laspiurrek koruak egin ditu. Grabaketa eta ekoizpena Xabier Agirrerekin batera landu ditu, eta musika zein hitzak Badiolarenak dir

Hiru urte igaro dira lehenengo diskoa kaleratu zenuenetik. Zer ikasi duzu denbora honetan?
Hasieran, beste talde batzuetan jotzetik bakarka aritzera igarotzean, kontzertuetan eskatzen den gertutasuna lantzea izan da erronka handiena, eta uste dut horretan asko hobetu dudala. Teknikoki ere bai, abesten eta gitarra jotzen aurrerapausoak eman ditut. Lehenengo diskoa bi zatitan grabatu nuen —gitarra alde batetik eta ahotsa bestetik—, eta oraingoan, berriz, dena toma bakarrean grabatu dut. Alde psikologikotik ere bilakaera bat egon dela esango nuke.

Maila pertsonalean ere aldaketak izango ziren hiru urte hauetan.
Bai, noski. Musikan dena oso azkar aldatzen da. Diskoko abestiak idatzi nituenetik grabatu nituenerako aldatu nintzen ni, eta abestiak ere bai. Eta grabatu nuenetik hona ere beste horrenbeste. Etengabeko mugimenduan dagoen prozesua da.

Noiz hasi zinen diskoa sortzen?
2024ko udan hasi nintzen abestiak idazten, eta azkena azaroan amaitu nuen. Abenduan hasi nintzen grabatzen, eta nire zatia martxoan bukatu nuen. Gero kolaborazioak ere izan dira, Jone Laspiurrerekin eta Eñaut Zubizarretarekin, eta horrek denbora gehiago luzatu du prozesua.

Nola baloratzen duzu disko berria?
Oso gustura nago. Egia esan, bigarren diskoko abestiak gehiago gustatzen zaizkit lehenengoak baino. Bilakaera nabari dut bai harmonian, bai abestiak egiteko moduan, eta baita letretan ere. Soinuarekin ere oso pozik nago; Xabi Agirrerekin grabatu dut, eta hasieratik genuen ideia ondo jaso du: “produkzioaren ez-produktzioa”. Hau da, estudioan sortzen den giro hori ahalik eta modu fidelenean etxeko entzulearengana eramatea.

Zure musikaz hitz egitean, etxeko giro edo goxotasun hori askotan aipatzen duzu. Nola definituko zenuke zure estiloa?
Instrumentazioari dagokionez, musika soila da, zuzena izan daiteke, baina letretan saiatzen naiz ez hain esplizitua izaten. Ez zait gustatzen dena azaldu edo itxita uztea; nahiago dut gauzak interpretaziorako irekita uztea. Entzuleari dena emanda ematea baino, bakoitzak bere modura ulertzeko aukera izatea baloratzen dut. Zentzu horretan, Oliver Laxe zuzendaria etortzen zait burura. Azkenean, obra bat “objektu” moduan ulertzen dut: bere osotasunean badu zentzua, baina norbanako bakoitzak bere interpretazioa egiten du. Nik neuk ere gaur egun ez ditut kantuak sortu nituenean bezala interpretatzen.

Xabier Badiola musikaria.
Diskoaren izenak zer esanahi du zuretzat?
Bere garaian banuen arrazoi bat titulu hori jartzeko. Leihoaren kontzeptua gustatzen zitzaidan: leihoa zabalik dago ala itxita? Txoria non dago? Gaur egun, nolabait, puzzle infinitu bat da niretzat. Diskoa aurrera joan ahala etorri zitzaidan ideia.

Askotan, sortzaileok egoera emozional eta kreatibo jakin batzuetan egiten ditugu lanak, eta une horretan ez dugu argi ikusten osotasunean zer zentzu duen. Baina amaieran badirudi dena bere tokian kokatzen dela. Hasieran pentsatzen nuen izenak ez zuela lotura handirik egindako lanarekin, baina orain, atzera begiratuta, ikusten dut baietz, diskoaren edukia ondo laburbiltzen duela.

Xabirekin brometan “tesia” deitzen genion. Diskoan bertan ere agertzen da nolabait txoriaren ideia, baina ez modu esplizituan; ezkutuan dago, iradokita.