Hamar urte panderoa mugitzen

Mugi Panderoa erromeria taldeak 10. urteurrena beteko du aurten
2024/02/23 11:41
eta kitto!

Ezin dugu erromerian pentsatu Mugi Panderoa taldea burura etorri barik. Eibartarrek hamar urte bete dituzte eszenatoki gainean eta gozamenerako momentu ugari eskaini dizkigute urte hauetan zehar. Asmo handirik gabe sortutako taldeak hamarkada osoa darama Euskal Herriko hainbat herritako jaiak girotzen eta euren musikarekin panderoa mugiarazi die milaka laguni.

 

Batzuetan ez da asmo handirik behar gauza handi bat sortzeko, eta hori da, hain zuzen ere, Mugi Panderoa taldeari gertatu zaiona. Miren Gisasola da taldearen sortzaileetako bat eta bere berbetan honakoa izan zen taldearen hasiera: “2014ko Sanjuanetan, txosnaguneko egitarauaren zati bat betetze aldera, zerbait egitea pentsatu genuen. Karaokearen ondoren hutsunea zegoen egitarauan eta neure gain hartu nuen zerbait prestatzeko ardura. Orduan, hiru lagun lotu nituen eta ordubeteko emanaldia eskaini genuen. Printzipioz hori izan zen asmoa, une bateko zerbait egitea, eta honaino iritsi gara”.

Eta zein izan da gaur egunera arte martxa betean heltzeko arrazoia? “Larregi gustatzen zaigu egiten duguna. Bizioa dugu”, Mirenek dioenez. “Sanjuanetako saio horretan gustora egon ginen eta erantzuna oso ona izan zen. Hurrengo urtean errepikatu egin genuen eta, poliki-poliki, helbururik gabe, jarraitu egin dugu”.

Lau lagunek osatu zuten Mugi Panderoa bere jatorrian, eta panderoa eta soinua zituzten lagun, besterik ez. “Irati, Haizea eta ni neu aritu behar ginen lehen saio horretan, baina Sanjuanak pixka bat konplikatu ziren eta ahotsa ez genuen oso ondo. Beraz, Eneritzi deitu nion gau horretan bertan gurekin abestera gonbidatuz, eta horrela osatu genuen laukotea”, azaldu digu Mirenek.

Nahiko gauza inprobisatua izan zen, baina taldekideek bazuten eskarmentua trikipoteoetan eta kalejiretan. “Oso ohituta geunden hirurok elkarrekin jotzera eta bagenuen prestatuta abesti kopuru bat. Orduan, entsegu batzuk egingenituen ordena bat jarraitzeko”, diosku taldeko abeslariak.

 

Klasikotik modernora

Hasierako Mugi Panderoa pixka bat klasikoa zela esan digu Julen Bartolome soinujoleak, “eta gero modernizatzen joan gara”. Taldeak bi urte bete zituenean sartu zen Julen eta poliki-poliki musika tresna berriak hasi ziren taldean sartzen: perkusioa, tronboia, gitarra, eta abar. “Ez dakit musika-tresnak zentzu askorekin sartzen joan ginen…”, hausnartzen du Mirenek. “Ez”, berresten du barrez Julenek. “Soinua eta panderoa genituen, Alaitz Almorzak tronboia jotzen zuen eta taldean sartu zen, gero Andoni Lopez baxuarekin, bateria, gitarra, tronpeta… Hiru-lau urtetan jendea sartu zen eta gaur egun dugun egituraren antzekoa osatu genuen”, Mirenek kontatu digunez.

Taldekideek argi zuten gaur egungo erromerien kontzeptua ez dela orain dela 40 urtekoen berbera. Beraz, modernizatzeko hautua egin zuten eta hortik etorri ziren musikatresna berriak. “Gainera, abesti batzuek, soinuaz eta panderoaz aparte, beste musika-tresna batzuk erabiltzea eskatzen zuten”, Mirenen ustez. “Gauza gehiago egin nahi horretan, gauzak ondo egin nahi dituzu eta, ondo egiteko, denetarik behar duzu”.

Modernizatzeko bidean, musika-tresna berriak gehitu zituzten, baina ia ez zuten entseatzeko tokirik. “Markel Corral bateria-joleak eta Andonik Legarreko lokaletan entseatzen zuten beste talde batzuekin. Orduan, eurekin elkartzen hasi ginen. Izan ere, hasieran Musika Eskolan entseatzen genuen, soinua eta panderoa besterik ez genituelako jotzen”, kontatu digu Julenek. “Musika Eskolara ikastera joaten ginen orduak aprobetxatzen genituen abestiak errepasatzeko, baina beste musika-tresnarik ez genuen bertan”, Mirenek dioenez.

Legarreko lokaletan hasi ziren profesionalizatzen, kontzertuak gehiago prestatzen eta beste helburu batzuk jartzen. “Ondo pasatu bai, baina gauzak txukun egitea nahi genuen, ez edozer gauza”, abeslariaren berbetan. “Beno, oraindik horretan gabiltza”, diosku soinu-joleak barrez.

 

Ehundaka kontzertu

Bide horrekin bete-betean asmatu zuten Mugi Panderoa taldekoek, harrezkero ehundaka kontzertu eskaini baitituzte Euskal Herri osoan zehar. Baina nola moldatu ziren hasieran? “Ahoz ahokoak ondo funtzionatu zuen. Inguruko herrietan hasi ginen, egiten genuena ahoz aho zabaltzen joan zelako, eta gero, sare sozialei esker, kanpoko dei gehiago jasotzen hasi ginen”, dio Mirenek.

Urte hauetan kontzertu asko izan dira bereziak, baina, baten bat aukeratzekotan, honakoarekin geratzen da abeslaria: “2015ean Sanjuanetako txosnagunean eskaini genuena. Kamisetak egin genituen eta publikoan jende asko ikusten zen gure kamisetekin. Lehen urteurrena izan zen eta jendeak oso ondo erantzun zuen. Dena dela, azken urteotan Eibarren emandako kontzertuak ere oso onak izan dira. Iaz Arrateko Jaietan eskaini genuena zoragarria izan zen. Plaza beteta ikusten genuen, adin guztietako jendea bildu zen eta amaierara arte egon ziren bertan dantzan”. Baina ahazteko moduko kontzerturen bat egongo zen, ezta? “Asko”, diote barrez. “Esperientzia horietatik asko ikasten dugu, berriz ere ez errepikatzeko”.

Orain, hamar urteko esperientziarekin, musikari moduan hazteaz gain, indarrak neurtzen ikasi dute eta kontzertuak aukeratzeko orduan tentuz ibiltzen dira. “Adibidez, lehen goizeko 03:00etan joan ahal ginen kontzertu bat eskaintzera, eta gaur egun ez zaigu burutik ere pasatzen”, diosku Julenek. “Ez gara joaten edozein lekutara edozein modutan. Minimo batzuk behar ditugu”, berresten digu Mirenek.

Abeslariaren ustez, “jaietan erromeria jarrita, antolatzaileek bete-batean asmatzen dute. Izan ere, erromeriak musika-estilo ezberdinen esparru zabala hartzen du eta adintarte zabala biltzen da erromerietan. Badakizu 50 abestitik gutxienez bat, bi edo hiru zure gustokoak izango direla”.

Mugi Panderoak 100 abestitik gorako errepertorioa du eta urtero saiatzen dira hamar abesti berri sartzen, sasoian sasoikoa eskaintzeko. “Betikoari eusten diogu, ez dugu ahaztu nahi nondik gatozen, baina gazteenei gustoko gauzak eskaini nahi dizkiegu”, diosku Mirenek. “Erromeria talde batzuk klasikoagoak dira, beste batzuk modernoagoak, eta gu erdibidean gaudela uste dut”. Gainera, tokian tokiko abestiak eskaintzen saiatzen dira.

Iaz 45 kontzertu eskaini zituzten, eta aurten antzeko bidetik joango direla dirudi. “Urte amaieran elkartzen gara urteko balorazioa egiteko eta hurrengo urtea prestatzeko, eta berdin gozatzen jarraitu nahi dugu aurten ere”, azaldu digute.

Hamar urte pasa dira taldearentzat, baina baita taldekideentzat ere. Dena dela, horrek ez du euren sua itzali. Gaur egun zazpi lagunek osatzen dute taldea eta, urte berezia izanik, gehiago gozatzen jarraitu nahi dute. “10. urteurrena ospatzeko, ondo legoke ekainaren 24an, urteurrena betetzen dugun egunean, Eibarren jotzeko aukera izatea. Horrela bada, ea zerbait berezia prestatzen dugun”, aurreratu digute.