HARIXA EMOTEN | Uxue Alberdi: “Idazketaren bitartez begiratzen diot munduari”
2007an “Aulki bat elurretan” nobela osatzeko Igartza saria jaso zuenetik literaturaren genero ugari landu ditu Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984): haur eta gazte literatura, kronika, saiakera, narratiba… “Hetero” du azkeneko lana (Susa, 2024), zortzi ipuinez osatutako ipuin-bilduma, “gai batetik abiatu gabe, barruak eskatu ahala idazten joan naizen ipuinen bilduma”. Joan den astean izan zen liburu horrekin Eibarren, Juan San Martin liburutegiak eta …eta kitto!-k elkarrekin antolatzen duten “Idazlearekin Harixa Emoten” irakurle taldean.
Askotariko zortzi ipuin bildu dituzu “Hetero” liburuan. Non dute jatorria ipuinok?
Liburuan bildu ditudan zortzi ipuinak hiru urtetako idazketa, irakurketa eta arakatze lanaren emaitza dira. Ipuinik zaharrena 2020koa izango da, baina gehienak 2021. eta 2025. urteen artean idatzitakoak dira. Idazketa jarraitu bat da niretzat, idazketaren bitartez begiratzen diot munduari, begiratzen diet harremanei, nire emozioei, memoriari, paisaiari. Ipuin bakoitzak bere prozesua eduki du. “Hetero” bilduma da. Ez da abiatzen gai batetik edo aurretiazko asmo jakin batetik. Ipuinak idazten joan naiz barruak eskatu ahala eta saiatu naiz istorio bakoitzari bere forma bilatzen. Asko jo dut irakurketara eta batez ere berrirakurketara, miresten ditudan eta liluratzen nauten ipuingileen hainbat liburu eta ipuin berrirakurri eta aztertu ditut, hainbat gauzatan fijatuz, nola egituratzen duten ipuina, nola egiten duten jauzia orainalditik iraganera… eta inportanteena, saiatu naiz ohartzen zergatik gustatzen zaizkidan hainbeste hainbeste gustatzen zaizkidan idazleak.
Ipuinok ba al dute batzen dituen haririk? Tituluak hori iradoki dezake…
Askotan liburuak gehiegi tematizatzen digutu eta ez naiz ni horren aldekoa, ez zaizkit hainbeste interesatzen gaira mugatzen diren literatur proposamenak, ez eta tramari berebiziko garrantzia ematen diotenak ere, nahiago dut bizitzaren anabasa hori ahalik eta modurik diferenteenean jasotzen asmatzen duten literatur lanak. Alde horretatik tituluek arriskua izaten dute eta “Hetero” tituluak badauka arrisku hori, oso bideratua eman dezakeela gai batera eta agian espektatiba faltsuak sor ditzake, hainbatek pentsa dezakete heteroarauari edo heteropatriarkatuari buruzko kritika edo analisi esplizitu bat izango dela eta nire proposamena proposamen literarioa bat da. Aldi berean uste dut tituluak ematen diola argi bat, eta bada gonbidapen bat normatiboa den hori desnaturalizatzeko eta bestela ikusiko ez genituzkeen detaileetan fijatzeko.
Nola neurtzen duzu errealitatearen eta fikzio narratiboaren arteko distantzia?
Oso inportantea da errealitatea eta errealitate literarioa bereiztea. Hau da, errealitatea ezin da idatzi, izatekotan errealitatea da. Eta zerbait idazten dugunean distantzia bat dago errealitate horretatik, hitzetan eta hizkuntzaren bidez prozesatzen dugunean. Heteron proposatzen ditudan ipuin guztien elaborazioa diferentea izan da eta distantzia hori ere, nolabait bizipen errealetatik fikziozko testura dagoen elaborazio hori ere desberdina da testu bakoitzean. Kontu hauek denak oso engainagarriak dira, ze askotan gauza fantastikoa eman dezakeen ipuin batean egon daitezke kontu biografiko mordo bat. Eta, aldiz, oso naturalista, oso errealista dirudien zerbaitek eman dezake errealitate itxura, baina ez dugu ahaztu behar artefaktu bat dela, eraikuntza bat dela eta maiz idazleak gauza gehiago asmatu dituela hor
beste batzuetan baino.
Nola jakiten duzu istorio batek zein forma edo genero hartuko duen?
Hori ere oso gauza sorgina da, ez da bakarrik arrazionalitatearen bidez erabakitzen. Batzuetan batera etortzen zaizkizu forma eta edukia, nolabait kontatu nahi duzunak esaten dizu nola kontatu behar duzun, beste batzuetan badaukazu hor istorio bat edo zerbait kontatu nahi duzuna baina ez diozu formarik aurkitzen, edo halako batean zerbait irakurrita edo ideia bat izanda edo perspektiba bat ikusita edo hizkuntzaren bitartez lengoaia literario bat topatzean esaten duzu: agian hemendik jo dezaket. Lan eginez eta asko irakurriz eta pentsatuz eta imajinatuz eta probatuz, horrela topatzen du istorio bakoitzak bere forma, topatzen baldin badu, ze badaude hainbat istorio ateratzen ez direnak idazleak ez duelako topatu hura egoki kontatzeko modurik.
“Idaztea etengabeko selezkio bat egitea da, eta hautaketa hori testu definitiboa idazten hasi aurretik egiten dut”
Hogei urte daramatzazu bai idazle eta baita bertsolari moduan ere. Zein bilakaera izan duzu urte hauetan guztietan?
Oso txikitatik izan dut hitzekiko pasio hau, istorioekikoa, kontatzearekikoa, eta beti jarri izan dut erdigunean. Izan dudan bilakaera izan da askoz ere irakurle esperientzia handiagoa daukadala, eta bizi-esperientzia handiagoa ere bai. Eta bizitzako etapa bakoitzean gara gauza batzuk esperimentatzeko, ulertzeko, izendatzeko, eta elaboratzeko gai. Uste dut hor badagoela garapen bat, baina oinarri-oinarrian nire bizitzan kontatzea eta besteen kontuak entzutea aspalditik dauden zerbait dira, beti zaindu izan dudan altxor bat.
Zer behar duzu idazteko?
Oso diferentea da kasu bakoitzean. Batzuetan badago bizipen bat mugitzen zaituena eta hori ulertzeko hasten zara idazten edo oharrak hartzen; beste batzuetan gertatu zait konturatzea halako nostalgia antizipatu bat izan dela motorra… Idazle bakoitza diferentea da baina idazle askoren pultsioa da mundu honetara etorri garenez, tokatu zaigun errealitate zati txikitxo hori, bai tenporalki bai geografikoki bai bizipenen aldetik, hitzetan jartzea. Liburu bakoitzaren motorra diferentea izaten da eta gainera istorio bakoitzak eskatzen dizu istorio hori kontatzeko modu bat bilatzea. Eta horretan joaten zaigu bizitza.
Nola bizi izaten duzu idazketa-prozesua, nola egiten duzu lan?
Idaztea da etengabeko selekzio bat egitea eta hautaketa hori testu definitiboa idazten hasi aurretik egiten dut normalean, hurbilketa lan bat dago, oharrak hartzen ditut, modu diferente askotara, batzuetan sukarrak hartuta bezala; edo zerbaiten inguruko ohar mordo bat hartzen ditut denbora tarte laburrean, edo artxibo bat ireki eta zerbaiten edo gai baten inguruko edo paisaia baten inguruko edo dena delakoaren inguruko oharrak pilatzen joaten naiz eta agian momentu baten esaten duzu: hemen material pillo bat daukat, honi forma eman behar diot.
Eta behin lana argitaratuta, nola bizi duzu fase hori?
Segun, denetik gertatzen da. Jasotzen ditugu oso gauza ederrak eta gauza itxusiak ere bai, epaituak dira gure lanak, askotan gu ere bai, baina batez ere esker ona jasotzen dut, zorionez ezin naiz kexatu irakurle faltagatik, eta gainera uste dut gaur egun daukagun irakurle-talde sarea luxu bat dela. Heterorekin 45 taldetan baino gehiagotan egon naiz; horrek esan nahi du ez dakit, 600, 700 irakurlerekin egon naizela aurrez aurre. Hori ezin da ordaindu diruarekin. Fase guztiek dituzte euren alde nekezagoak eta aldi berean disfrutatu daitezkeenak eta ni saiatzen naiz ahalik eta gehien disfrutatzen haietako bakoitza.