Harkaitz Cano izango da bihar Eibarren, Harixa Emoten irakurketa taldearen lehen saioan

"Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez" album ilustratuari buruz egingo du berba
Harkaitz Cano izango da bihar Eibarren, Harixa Emoten irakurketa taldearen lehen saioan
2024/10/07 13:16
eta kitto!

Udako atsedenaldia eta gero, bihar, urriak 8, egingo da Idazlearekin Harixa Emoten euskarazko irakurketa klubaren lehen saioa, 19:00etan, Portalea kultur etxean (1. batzartokian). Harkaitz Cano Jauregi etorriko da, "Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez" album ilustratuari buruz irakurleekin hitz egitera. Eibarko Udal Liburutegiak …eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean antolatzen duen jarduera horretan parte hartzea doakoa da, eta kurtso honetan ere Ainhoa Aldazabal arituko da tertuliak dinamizatzen. 

 

Idazlea

1975 Lasarte. Donostian burutu zituen zuzenbide ikasketak, baina idaztea izan du beti ogibide. Lubaki Bandan hasi zen literatur jardunean eta 1994an argitaratu zuen bere lehen idazlana, Kea behelainopean bezala poesia liburua. Gerokoak dira Beluna jazz (1996) eta Pasaia blues (1999) eleberriak, Belarraren ahoa (2004) ukronia eta Neguko zirkua (2005) eta Beti oporretan (2015) ipuin bildumak. Hiru bider irabazi du Euskadi Saria eta bi aldiz Espainiako Kritikarena. Twist (2011) nobelarekin, 111 Akademia aipamena ere erdietsi zuen. Besteak beste Sylvia Plath, Anne Sexton, Hanif Kureishi, Paul Auster eta Allen Ginsberg euskaratu ditu eta nederlanderaz, galegoz, grezieraz, ingelesez, gaztelaniaz, errusieraz, alemanez eta italieraz irakur daitezke bere liburuak.

 

Liburua

Harkaitz Canok idatzitako album ilustratu honek, Isabel Hergueraren ilustrazioekin, liburutegiei eta literaturari omenaldia egin nahi die, gazteak literaturaren mundura erakartzeko asmoz. Antzezlana liburu-aurkezpen baten aitzakian hasiko da, eta liburu aurkezpen horretan aurkezten den liburua izango da ipuin hau, benetan existituko dena.

Alabarekin nola komunikatu ez dakien aita batek paperezko hegazkin bat bidaltzen dio egunero balkoitik agur esateko. Hegazkinetan idatzitako mezuen bidez, aitak literatura-misioak jartzen dizkio alabari, liburuzain zorrotz baten konplizitatearekin argitu ditzan. Horrela, liburuen eta bizitzaren arteko lotura ezagutuko du neskatoak.
Urte asko geroago, orain idazlea den alaba liburutegira itzuliko da bere lehenengo liburuan jaso duen iniziazio-esperientzia hori kontatzeko.