Harriak jasotzea maite duen kaletarra

Harriak jasotzea maite duen kaletarra
2017/12/22 08:16
eta kitto!
Iñigo Jimenezi beti gustatu izan zaizkio indar kontuak. Harri-jasotzaile moduan ibilbidea hasi zuen udan, baina bere istorioa ez da ohikoa herri-kiroletan. Kaletarra da eta Avilan hasi zen harriak jasotzen. Jose Antonio Gisasola ‘Zelai’ harri-jasotzaile handiaren eskutik herri-kiroletako zaleen errespetua eskuratzen hasi da orain Iñigo, eta Dioni Cortinak Eibarren ezarritako errekorra hautsi nahi du.

 

‘Strongman’ probetan ari den Avilako lagun bati laguntzen aritu zen abuztuan Iñigo Jimenez. “Harriak jartzeko eskatu zidan eta 110 kiloko bola altxatzeko zirikatu ninduen”. Horrela hasi zuen Iñigok bere ibilbidea harri-jasotzaile moduan. Lehenengoan hanketara igo zuen bola, gero paparrera eta hirugarrenean gora. Bi saio gehiagoren ostean berarekin entrenatzeko baimena eskatu zion ‘Zelairi’, “eta berarekin nabil ordutik”.

Harri-jasotzearekiko zaletasuna beti izan du Iñigok, nahiz eta kaletarra izan. “Inguruko baserritar zaharrek errezeloz hartzen dute kaletar bat harriak jasotzen ikustea, baina oso ondo hartu naute guztiek”. Iñigok ere errespetu handia erakutsi nahi du plazan aritzen den bakoitzean. “Egun batzuk lehenagotik tripa itxita eta lo ezin eginda egoten naiz”. Badaki harri-jasotzaile handiak aritu diren tokian dabilela, baina harriarekiko duen sentimendua handia da bere kasuan. “Harriak ez dizu ezer ematen, baina harria ebatzen dudan geroztik beste modu baten sentitzen dut nire burua, libreago”.

 

Aro berria harri-jasotzean

Astean birritan entrenatzen du harriarekin eta lehengo harri-jasotzaileak ditu eredu Iñigok. Pesak egitea ez zaio gehiegi gustatzen eta zalantzak ditu komenigarria den edo ez, baina badaki bere helburuak betetzeko prestakuntza ona beharko duela. Josu Zubillaga nutrizionistarekin elikadura zaintzen hasteko asmoa dauka eta indar-kirolak entrenatzeko gunea egokitu du gazte talde batekin bere aitxitxak Jardineta kalean zuen lokalean. Asko entrenatu behar du, bere helburuetako bat Eibarko harri-jasotze errekorra haustea delako. “Dioni Cortinak 200 kilotan jarri zuen marka eta epe luzean hori gainditzea da nire asmoa”.

Iñigoren ustez herri-kirolenganako afizio gutxi dago herrian, eta Eibarren herri-kiroletako taldea sortzea da bere asmoa. “Afizioa galtzen doa eta, ondorioz, herri-kiroletan aritzen den jendea ere”. Harri-jasotzean lehiatzen, “hamar inguru”, baina aro berri baten atean egon gaitezke. “Azkoitin hego-amerikar bat dabil Goenatxorekin entrenatzen, Eskozian jaiotako Jon Peter Scott (Agirre lehendakariaren loiba) gurekin ari da Mallabian, Gaztelatik ere etortzen dira hainbat harri-jasotzaile... eta maila handikoak gainera!”.

 

Lehia eta ezustekoa

Harriak jasotzeari udan ekin bazion ere, ‘Zelaik’ lehiatzeko prest ikusi zuen eta Bizkaiko Txapelketa Nagusian hartu zuen parte Iñigok. “Barregarri geratuko ez nintzela esan zidan, azkena geratuko nintzela, baina gauzak ondo eginez gero azkena geratzea ez dago txarto”. Harri-jasotzaile eibartarra pozik geratu zen egindako lanarekin, “etxean egindakoa plazan egitera joan nintzen”, eta hori baino gehiago egin zuen.

Harri-jasotzetik orain arte jasotako “ia guztia” ona izan da Iñigorentzat, baina izan du ezustekoren bat. Ekainaren 18an harria erori eta hamar egunetan hanka “hilda” eduki zuen. Ez zitzaion hezurrik apurtu eta ez zitzaion ubeldurarik egin, “eta egun batetik bestera sendatu zitzaidan”. Bere iritziz normala da horrelakoak gertatzea, “’Zelai’ berak femurra apurtu zuen antzeko egoeran”.

 

Ez Dok tabernaren babesa

Lurrari ondo eutsi eta ahalik eta indar gehiena erabiltzeko, ortozik altxatzen ditu harriak Iñigok. Gerria, prakak eta txalekoa janzteko liturgia maite du, eta Ez Dok tabernaren izena eramango du txalekoan eta harrian. “Zapatu gau bateko berriketaldian irten zen babesaren aukera eta, nahiz eta niri lotsa eman, eurek asmoa berretsi zidaten”.

Babesaz haratago, Ez Dok tabernak eta Iñigok ‘Gora harria’ garagardoa kaleratuko dute gaur. “Zarautzen egindako garagardo artisaua da, American Double IPA motakoa, eta diru-sarrerak lortzeko beste aukera bat da”. Iñigok aitortu digu ez zaiola garagardoa gustatzen, “baina hau probatuko dut, gogo handiarekin gainera!”.

Iñigo Jimenezek eta Ez Dok-ek gaur aurkeztuko dute euren proiektua eta garagardoa, eta horretarako Ioritz Gisasola ‘Zelai IV’.aren laguntza izango du Iñigok. “Bera aizkorarekin ibiliko da eta ni harriarekin”. Ez Dok taberna inguruan arituko dira Toribio Etxebarria kalean eta gazteen arreta piztea espero dute.