Zazpi pilota jaialdi profesional baino gehiago egingo dituzte Astelena frontoian
Pilota profesionaleko zazpi jaialdi baino gehiago hartuko ditu Astelena frontoiak 2026an eta 2027an. Eibarko Udalak eta Pelota Pro Ligak (PPL) lankidetza hitzarmena aurkeztu dute, esku pilota profesionaleko hiru txapelketa nagusietako partidak Eibarrera eramateko. Aurkezpenean izan dira Joserra Garai Aspeko ordezkaria, eta baita Beñat Rezusta, Martxel Iztueta, Erik Jaka eta Unai Murua pelotariak ere.
Binakako Txapelketako bost jaialdi, Buruz Buruko bat eta Lau eta Erdiko bat egingo dituzte gutxienez. Horrez gain, San Juan egunean ere izango da jaialdia, eta ez dute baztertzen egutegian beste jaialdiren bat gehitzea.
Binakako Txapelketako jaialdietako bat azaroaren 30ean jokatuko dute, San Andres egunean. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an ere izango dira partidak. Horiez gain, finalerdietako ligako bigarren jardunaldia ere Astelenan jokatuko dute. Buruz Buruko Txapelketako jaialdia ere antolatuko dute, 2027ko apirilaren 26an hasiko den txapelketaren barruan, eta Lau eta Erdiko Txapelketako beste bat.
Joserra Garai Aspeko ordezkariak azaldu duenez, aspaldian ari dira lanean Udala eta PPL akordioa gauzatzeko. Udalaren borondatea nabarmendu du, eta gogorarazi du Astelena 1904an inauguratu zutela, zirkuitu profesionalean indarrean dagoen frontoirik zaharrena dela. «Frontoi historiko honek merezi duen akordioa lortu dugu, eta hori berri ona da guztiontzat», adierazi du.
Garairen arabera, Udalak frontoia hobetzeko egindako ahaleginari erantzun nahi izan dio pilota profesionalak akordio honekin. Haren esanetan, PPL osatzen duten Aspe eta Baiko enpresentzat «plazera» da Astelenak pilota profesionaleko partida handiak hartzen jarraitzea.
Haur eta gazteentzako sarrerak
Hitzarmenak gazteentzako neurriak ere jasotzen ditu. PPLk 14 urtetik beherakoentzako hogei sarrera gordeko ditu jaialdi bakoitzean, errebote aldean. Sarrerek hamar euro balioko dute, eta adingabeek heldu batekin joan beharko dute. Eibarko Pilota Eskolako 16 urtetik beherakoek, berriz, hamar sarrera doan izango dituzte jaialdi bakoitzean.
Horrez gain, pilota sustatzeko udal kanpainetan lau pilotari profesionalen irudia erabiltzeko aukera ere aurreikusten du akordioak. Jon Iraola alkateak eta Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak gazteak pilota profesionalera gerturatzearen garrantzia azpimarratu dute.

