Haurren Munduko Egunaren harira adierazpen instituzionala egin du Udalak

Haurren Munduko Egunaren harira adierazpen instituzionala egin du Udalak
2023/11/20 17:43
eta kitto!
Gaur Haurren Munduko Eguna, ekintza-eguna da, “haurrentzat eta nerabeentzat, haien alde eta haiekin batera, ekintza horietan parte har dezaten”, eta Eibarko Udalaren Bozeramaileen Batzordeak ondoko adierazpen instituzionala onartu du.

1989ko azaroaren 20an onartutako Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena (HEH) gogora ekartzeko eguna da. Hala, haurren eta nerabeen aldeko aintzatespen honi elkartzen zaio Eibarko Udala, UNICEF Euskal Herriko Batzordearekin batera.
Nazio Batuak osatzen duten herrialde guztiek Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena onartu zutenetik 34 urte beteko dira aurten eta, beraz, Haurren Munduko Egun honetan garrantzizkoa da haurren eta nerabeen eskubideen aldeko lorpen handiak balioan jartzea, baita zuek zuzenean parte hartzeak duen botere eraldatzailea ere, guztiontzako mundu hobeago bat eraikitzeko helburuz.
Egun honetan, ez dugu ahaztu behar haurrek eta nerabeek hainbat erronkari aurre egin behar dietela, besteak beste ondokoei: indarkeria, pobrezia eta azken krisi ekonomikoek areagotutako desberdintasunak, krisi klimatikoa, pandemiak eta Ukrainako gerrak eragindako ondorio ekonomikoak eta sozialak, baita Gazako egungo gatazka eta ahaztuta geratu diren beste larrialdi batzuk ere, munduan milioika pertsonaren bizitza-eskubidea, eta bereziki haurrena, arriskuan jarri eta jartzen jarraitzen dutenak.
Haurrak eta nerabeak gure Udalaren erabaki politikoen erdigunean daude, arrazoi hauengatik:


  1. Gure biztanleriaren % 16,16 dira.

  2. Haurrak eta nerabeak kontuan hartzeak, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenetik eratorritako obligazio bat izateaz gain, epe ertain eta luzerako ikuspegia erakusten du tokiko mailan, eta lotu egiten da erronka globalei aurre egiteko herrialdeek nazioartean dituzten ibilbide-orriekin, tartean Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin, Hiri Agenda Berriarekin eta Europako Haur Bermearekin.

  3. Haurrengan inbertitzea aukera errentagarria da ekonomiaren ikuspegitik, biztanle guztiei onurak ekartzen dizkielako: garapen ekonomikoa eta soziala sustatzen du, produktibitatea, hazkunde ekonomikoa eta gizarte-kohesioaren mailak handitzearen ondorioz.

  4.  Kalteberagoak izan daitezke pobreziaren, indarkeriaren eta esplotazioaren aurrean.

  5. Behar diren politikak eta inbertsioak garaiz garatzeak, tokiko gobernuen izaerari atxikitako prebentzioaren ikuspegiarekin, haurren eskubideen balizko urraketak murrizten ditu eta, ondorioz, aurrezpen ekonomikoa eta soziala dakar.

  6. Eskubideen titularrak dira, eta eskubide horiek betetzeko hobetu egin behar dira legeak, politika publikoak, programak eta neurriak.

  7. Haurrek eskubidea dute entzunak izateko eta dagozkien gai guztietan parte hartzeko. Parte-hartzea, eskubide bat ez ezik, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren printzipio gidari bat da ere.

  8. Belaunaldien arteko elkartasuna sustatu behar da arrazoi honengatik: printzipio horretan oinarritutako zerbitzuen eta gizarte-babesaren sistema publikoek haurrei eta haurrak dituzten familiei ere begiratu behar diete, justiziagatik eta jasangarritasunagatik.
    Haurren eta nerabeen eskubideak lortzen direla ziurtatzea gai kolektibo bat da, nahitaez bete beharrekoa; aurre egin beharreko erronkek erantzun koordinatuak eta mailakatuak eskatzen dituzte, maila globalean, nazionalean, eskualdekoan eta tokikoan. Horregatik, funtsezkoak dira administrazio publiko guztien aldetik -gure kasuan tokiko gobernuen aldetik- hartzen den konpromisoa eta egiten den inbertsioa.
    Tokiko korporaziotik ez gara errealitate horretatik kanpo geratzen. Horregatik, haurrengan inbertsio handiagoa eta eraginkorragoa sustatzeko konpromisoa hartzen dugu, honako helburu hauek lortzeko behar diren baliabideak esleitzen direla bermatuz:
    Haur eta nerabe bakoitza balioetsi, errespetatu eta ondo tratatzen da. Horretarako, tokiko erakundeak sozialki inklusiboak diren gune bihurtzen dira, haurren eta nerabeen gaitasunak bultzatzeko, diskriminazioaren aurka borrokatzeko -diskriminazio soziala, ekonomikoa edo generokoa izan- eta beren potentzial guztia lortzeko aukera bat eskaintzeko, besteak beste haien adina, sexua, gaitasun fisikoak edo mentalak, jatorria edo egoera ekonomikoa edozein izanda ere.
    Haur eta nerabe bakoitzaren ahotsak, beharrak eta lehentasunak kontuan hartzen dira haiei eragiten dieten erabaki guztietan, eta haurren eta nerabeen partaidetza estrategikoa txertatzen da haur eta nerabeen tokiko politiken prestaketan, jarraipenean eta ebaluazioan, organo egonkorrak, baliabidez hornituak eta jasangarriak sortzea bultzatuz, haien parte-hartzea bideratzeko.
    Haur eta nerabe guztiek dituzte kalitatezko funtsezko zerbitzuak. Neurriak bultzatzea eta baliabideak eskaintzea, tokiko eremuan haurrei eta nerabeei berariaz zuzenduak, haurren pobreziari aurre egiteko prestazioak eta gizarte-zerbitzuak diseinatzean
    prebentzioaren ikuspegi unibertsala txertatuta, eta Europako Haur Bermearen lehentasunekin eta ikuspegiekin bat etorriz.
    Haur eta nerabe guztiak ingurune seguruetan bizi dira, ingurumen garbi eta jasangarri batean. Babes-inguruneak sortzea, arrisku-egoeren eta indarkeria-egoeren aurrean haurrak eta nerabeak babestuko direla bermatzeko, prebentzioaren ikuspegitik eta arlo desberdinekin koordinatuta. Eta haurrentzako ingurumen osasuntsua sustatzea, berriki onartutako Haurren Eskubideen Batzordearen 26. Ohar Orokorrean jasotzen den bezala.
    Haurren eta nerabeen eskubideak maila globalean bultzatzea eta sustatzea, bereziki larrialdi-egoeretan.
    Horregatik, adierazpen honen bidez gure konpromisoa adierazten dugu Eibarko gobernuaren 2023ko Haurren Munduko Egunaren esparruan gure udalerrian haurren eskubideak betetzen direla zaintzeko konpromisoarekin jarraituko dugula.