Haurrentzako ‘Kimu’ euskarazko antzezlana eskainiko dute zapatuan
Haurrentzako ‘Kimu’ antzezlana eskainiko dute zapatuan, urriak 10, Coliseo antzokian. Euskaraz izango da emanaldia, 17:00etan hasita, eta ordubete inguruko iraupena izango du. Sarrerak 5 eurotan daude salgai.
‘Kimu’ lanean, natura eta irudimena aukera amaigabeak eskaintzen dituzten unibertso gisa aurkezten dira. Istorioa etorkizunean kokatzen da eta O anderea da protagonista. Multinazional batean egiten du lan, eta pertsona bakoitzak bere etxea izan dezan diseinatzen ditu etxeak. Lantegian geratzen den langile bakarra da.
O anderea puntuala, ordenatua eta garbia da, eta pozik bizi da. Hala ez denean, ordea, pozaren pilula hartzen du. Azkenaldian kezkatuta dago, ideiak agortzen ari zaizkiolako. Halako batean, euli bat sartzen da bulegoan, eta gertaera txiki horrek dena aldatuko du.
Emanaldirako sarrerak online eros daitezke.