Haurreskola publikoetan ezin sartu

Euskal Autonomia Erkidegoan `Haurreskolak partzuergoa´zerbitzua doakoa da 2022-2023 ikasturtetik. Doakotasun horrek harrera ona izan duela islatzen du eskaerak: gaur egun Eibarko plaza guztiak beterik daude. Hori dela eta, hainbat ume haurreskola publikoetan sartu ezinik gelditu dira.
Haurreskola publikoetan ezin sartu
2025/10/10 10:34
eta kitto!

Eibarko haurreskola publiko guztietako plazak beterik daude. Hala jakinarazi die azken asteotan Haurreskolak partzuergoak Eibarko Udalari eta hainbat familiari. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haurreskola publikoak batzen dira partzuergoan, eta izen ematea doakoa da 2022-2023ko ikasturtetik. Ordutik, matrikulazioak "izugarrizko gorakada" izan du eta arazoak sortu dira eskaerak plazak baino gehiago direlako. Guraso edo tutoreek konponbide bila jarraitzen dute: sarbide unibertsala haur guztientzat izatea eta kontziliaziorako alternatibak bilatzea eskatzen dute.

Izenik eman nahi ez duen guraso batekin hitz egiteko aukera izan du …eta kitto!-k. 2 umeren ama da. Nagusiak lau urte ditu eta alaba urtarrilean jaio zen. Alaba urtarrilean haurreskolan sartzea nahiko luke, baina plaza lortzearekiko ezkor da: “Aurreikuspena ez da oso ona. Gure nahiaren kontra, pribatura jo beharko dugu”.

Orbeako haurreskola. IRUNE JAIO

Eibarko haurreskoletan dagoen egoera larria eta kezkagarria dela dio amak. Baita zalantzagarria ere, ez baitakite zer gertatuko den datozen hilabeteetan. “Eibarren ez, baina inguruko herrietan badago plazarik. Ermuan 17 plaza daude, eta urrunago joanda, Tolosan 29. Plazak egon badaude, baina horrek ez du kontziliazioa errazten. Kontziliazio faltak asko kezkatzen gaitu.”

Datuetan jarri du arreta gurasoak: “Eustaten arabera, 2024an 157 jaioberri erregistratu ziren Eibarren. Aurtengo erregistroaren daturik ez da zabaldu oraindik. Hala ere, nire alaba urtarrilaren 5ean jaio zen eta ordutik egoera ez da aldatu: irailean –matrikulazioak “orokorragoa” izan beharko lukeenean– ezin baldin baduzu izenik eman, denborarekin zailagoa izaten da matrikulazioa egitea. Oker ez banabil, 109 plaza eskaintzen dituzte urtero 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzat Eibarko haurreskola publikoetan banatuta. Datuak kontuan izanik, argi dago eskaintzen dituzten plazak eskaera baino gutxiago direla. Egoera hau aurreikusi zitekeela uste dugu. Urrian gaude jada eta hamar hilabetetan 60 bat ume jaio dira behintzat. Gainera, jaioberri horiei iaz eskoletan sartzerik izan ez zuten haurren eskaerak gehitzen zaizkie. Egia da jaioberri guztien tutoreek ez dutela haurreskoletan sartzerik nahi izaten, baina aldi berean, eskaintza egon behar da.”

Ez dira gutxi konponbide baten bila batu diren gurasoak. “Guraso elkarte hau apirilean sortu zuten, matrikulazio epea zabaldu eta ume pila bat plazarik gabe geldituko zirela konturatu zirenean. 70-72 guraso inguru gaude taldean”.

Gurasoak dioenez, badira jada kaltetuak diren familiak, matrikula eginda itxaron zerrendan daudenak, kasu. “Ez soilik ume jaioberrien kasuan, 1-2 urte bitartekoen kasuak ere badaude. Arazoa egon badago. Berez, matrikulazio epea zabalik da urte osoan, baina ikasturte hasiera kontuan izanik, urrian gaude eta ez dago plazarik.”

Instalazio berriak

Arrateko Andra Mari, Orbea eta Amaña dira gaur egun herriko haurreskola publikoak. Bestalde, plazen eskaera altua dela ikusita, Eibarko Udalak bi instalazio sortuko dituela jakinarazi du, bata Jazinto Olaben; bestea, Blas Etxeberrian. Instalazio berrien inguruko zalantzak argitzeko asmoz, gurasoekin bildu zen udala duela astebete. Udalak bilera horretan ezagutarazitakoaren arabera, udaletxetik haurreskola gisa erabiltzeko lokal bila ibili dira hilabete hauetan: “Ezezko ugari jaso ditugu. Gainera, aipatu beharra dago lokalak lortuta ere, Partzuergoari dagokiola azken onespena. Hau da, haurreskola gisa erabili daitekeela onartzea. Eta instalazioak prest egon ondoren, haurreskolen lokalak Haurreskolak partzuergoaren esku geldituko dira. Erakunde horren lana izango da ekimapendua eta martxan jartzea”.

Hainbat familiek udalaren ekimena txalotu dute, baina haien egoera ez da aldatu: “Plazarik egon ezean, haurrek ezingo dute doako eskaintza izan”. Aldi berean, mila zalantza sortu dira gurasoen artean: Obrak amaituta ere, noiz izango dira eskola horiek abian? Noiz izango dute haurrek herrian eskola publikora joateko aukera? 

Arrateko Andra Mari haurreskola. IRATI ALVAREZ
Orain, datorren urtera begira, plazen eskaera zehatza eta gurasoen iritzia jasotzeko asmoz, inkesta bat bidali die gurasoei udalak. “Inkestaren bitartez egoeraren inguruko analisi bat egin nahi dugu, ondoren ekintzetara pasatzeko”.

Gauzak horrela, haurraren amak argi nabarmendu du guraso taldearen aldarria: “Aldarrikapen nagusia udalaren laguntza lortzea da, familiek etorkizun hurbila antolatu ahal izateko eta Eibarko haurrek bertako haurreskoletan ikasiko dutela bermatzeko”. Era berean, bi proposamen nagusi dituzte gurasoek egoera konpontzeko: Alde batetik, zabalik dauden haurreskoletan espazioa balego, aldi baterako haurreskola gisa erabiltzea eta Partzuergoari hezitzaile gehiagoren beharra adieraztea. Bestetik, espaziorik ez balego, eraikinen bat alokatzea, ondoren haurrentzako materialez hornitu eta partzuergoak hezitzaileak bidaliz, erabilgarri egon daitezen.