Haurreskolarako izena eman duten Eibarko haur guztiek ikasturte berrirako plaza bat eskuratu dute
Eibarko Udalak jakinarazi duenez, Eibarren Haurreskolarako izena eman duten haur guztiek lortu dute plaza bat, eta, gainera, oraindik toki libre batzuk geratzen dira 2024-2025 ikasturterako. Adierazi dutenez, “Udal honek hainbat bilera eta dei egin ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ordezkaritzarekin, gure hirian dagoen eskola-plazen gabeziari buruz hitz egiteko, eta berrantolaketa eraginkor baten ondoren, haur guztiek plaza bat lortu dute”.
Eibarren, hiru ikastetxetan eskaintzen da 0-2 urte bitarteko umeei zuzendutako haurreskola zerbitzua: Orbean (Bittor Sarasketa kalea), Amañan, eta Arrateko Andra Marin (Urki). Udalak eman dituen datuen arabera, Amañako Haurreskolan eskaintzen dituzten plazen %74 bete dira; Arrateko Andra Mari Haurreskolan, berriz, dauden tokien %70 bete dira; eta Orbea Haurreskolan, eskainitako plazen %94 bete dira.
Udalak eskerrak eman nahi dizkio Hezkuntza Ordezkaritzari, “bere konpromisoagatik eta egindako ahaleginagatik, eta baita familia guztiei ere, izandako pazientzia eta laguntzagatik”.