Herri barruan nola mugitzen garen jasotzeko inkesta prestatu du Udalak, Eibarko mugikortasuna hobetzeko asmoarekin

Paperean zein modu digitalean betetzeko aukera dago, urtarrilaren 26ra arte.
Herri barruan nola mugitzen garen jasotzeko inkesta prestatu du Udalak, Eibarko mugikortasuna hobetzeko asmoarekin
2025/01/13 18:25
eta kitto!

Gure herrian mugikortasuna hobetzeko asmoz, Eibarko Udala Hiri-Mugikortasun Plan Jasangarria idazten ari da, eta gaur gaurkoz hasierako diagnosia, datu-analisiak, ibilgailu-parkea, zirkulazioa eta beste hainbat dira aztergaiak. Ikuspegi teknikoaz gain, herritarren ideiak, kezkak eta ekarpenak gehitu nahi zaizkio planari, eta horretarako hainbat parte-hartze aukera edo kanal eskainiko dituzte. Adierazi dutenez, “lehenik eta behin, azaroan, familiei zuzendutako formulario tekniko bat bidali zen 2.000 etxetara, herritarren ohituren berri izan ondoren, eibartarren mugikortasun-ohituren mapa bat sortzeko. Horrekin batera, Eibarko Udalaren webgunearen bitartez, Internet bidez modu digitalean bete daitekeen galdeketa prestatu da”. Interneten eskuragarri ipintzeaz gain, etxeetara paperean bidali dute galdetegi berbera. Behin beteta, honako tokietan ipini dituzten kutxetan laga ahal izango da, urtarrilaren 26ra arte: Pegora, Portalea, Juan San Martin Udal Liburutegia, Ipurua, Unbe eta Orbea kiroldegiak, jubilatu-etxeak, Andretxea eta Indianokua gaztelekua. 
Azkenik, fase hau ixteko, otsailaren 11n, 18:30ean, Errebal Plazan (A gelan) aurrez aurreko saio bat egingo da, herritar guztiei zabalik. Tailer horretan, Eibarrek dituen mugikortasun-arazoak mahaigaineratu ahal izango dira. Umezaintza-zerbitzua eskainiko da (4-10 urte bitarteko umeak), aldez aurretik 688 73 61 36 telefono-zenbakira deituta.
Planaren lehen bi faseak egiteko (datuak hartu, egungo egoera aztertu eta diagnosia egin), Udalak dirulaguntzak jaso ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Sailetik eta Energiaren Euskal Erakundetik. Proiektu honi buruzko informazio eta aurrerapen guztiak aldiro-aldiro joango dira argitaratzen Udalaren webguneko Ingurumen atalean.