Herri Ekimen Legegilea babesten duten 145.000 sinadura baino gehiago eramango dituzte pentsiodunek Legebiltzarrera
Gaur 147 andra-gizonen partaidetzarekin Untzagan egindako elkarretaratzean gogorarazi dutenez, Herri Ekimen Legegilea (HEL) sustatzeko lanean aritu dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik azken hileotan eta, besteak beste, hori babesteko sinadura-bilketak egin dira herri guztietan, baita Eibarren ere. Maiatzaren 3an laga zioten sinadurak biltzeari eta oso pozik azaldu ziren Gipuzkoako Pentsionisten Elkarteak aurreko eguaztenean egindako agerraldian, “euskal gizartearen interesarengatik eta emandako babesarengatik, Gutxieneko Pentsioa Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko eskaera eztabaidatzea eta gizarteratzea ahalbidetu baitu”.
Horrela, eguenean, maiatzaren 15ean, 145.918 sinadura baino gehiago bideratuko dituzte Eusko Legebiltzarrera. Horietatik, 40.039 sinadura Gipuzkoan bildutakoak dira. Debabarrenean, 4.590 sinadura jaso dituzte guztira, 1.976 Eibarren (495 Deban, 838 Mutrikun, 450 Soraluzen, eta 831 Elgoibar eta Mendaron).
Pentsiodunek egun horretarako mobilizatzera deitu ditu herritarrak, Gasteizen, Legebiltzarrean sinadurak aurkeztuko dituztela aprobetxatuta. Debabarrenetik bertara joateko autobusa antolatu dute. Gogora ekarri dutenez, Eibarren Ego Gainetik irtengo da autobusa, 09:30ean, eta Gasteizetik buelta 13:30ean egingo du, katedralaren aldameneko geltokitik abiatuta. Horrekin batera, zapiak eta txalekoak eramateko dei egin dute.