Santa Kurutz ermitako kanpaia lapurtu dute
Bi hilabete eskasean bigarren kanpaia lapurtu dute Eibarko ermitetan
2025/12/17
11:31
Ana Aizpurua
Ezezagun batzuk Santa Kurutz ermitako kanpaia lapurtu dute Arrateko bailaran. Mendizale bat atzo ohartu zen haren faltaz. Antzeko lapurreta gertatu zen azaroaren hasieran San Salbador ermitan.
Halako lapurretak ez dira berriak, brontzearen merkatu-balioak pizten baitu lapurren interesa. Debabarrenean ere izan dira antzeko kasuak azken urteotan: Soraluzen Txurruka auzoko San Inazio ermitako kanpaia lapurtu zuten 2023ko martxoan, eta Karakaten mendiak identifikatzeko brontzezko mapa ere desagertu zen orain dela bi urte. Eta, Elgetan ere, Asentzio ermitako kanpaia lapurtu zuten 2023ko martxoan, lapurrak ermitan indarrez sartu eta gero.