Herri hezitzaileak hizpide “Eibar, Euskaraz heziko duen hiria” jardunaldian
Olaia Jimenez-Arrieta HUHEZI-Mondragon Unibertsitateko irakasleak tesia egin zuen herri hezitzaileen inguruan eta berak ipini dio marko teorikoa herri edo hiri hezitzaileen kontzeptuari. Besteak beste, hezkuntza ikuspegi aldaketa behar dela aipatu du. Begirada inklusiboa eta integrala ezinbestekoak direla esan du, hau da, denen/desberdinen arteko parte-hartzea helburu duen begirada. Bere esanetan “ekosistema berriak sortu behar dira, desberdinen arteko egiturak eratzeko eta elkarri eragitea lortzeko”.
Esperientzia desberdinak ezagutzeko aukera ere egon da. Alde batetik Ordiziako esperientziaren berri eman du Belen Maiza irakasleak eta, bestetik, Gasteizko Udalaren esperientzia azaldu du Zuriñe Sanz Lopez de Heredia Gasteizko Udaleko hezkuntza teknikariak.
Atsedenaldiaren ostean, Eibarrerako hurbilpena egin dute eta Ane Albisu AKEBAIko dinamizatzaileak Eibarko proiektuan Hiri Hezitzailea nola kokatzen den azaldu du, Ainhoa Lasa Emuneko teknikariarekin batera. Aurreko hitzaldietan bezala, parte-hartzean eta eragileen arteko saretzean ipini dute fokoa. Nabarmendu nahi izan dute, eskolaz gaindik, badaudela beste eragile garrantzitsu batzuk berebiziko funtzioak betetzen dituztenak ume eta gaztetxoen heziketan eta, kasu honetan, baita euskararen erabileran zein gaitasunean ere. Eragile hauek guztiak saretzea eta eskolarekin batera norabide berean arraun egitea ezinbestekoa dela nabarmendu dute. Zentzu honetan, bateraguneak, lan mahaiak eta eragileen arteko koordinazioa arrakastareko gakoak izan daitezkeela diote.
Eibarko gaztetxoek euskararen erabilerari buruz egiten duten hausnarketen berri eman du Ainhoak Lasak. Nabarmendu duenez, “gaztetxoen diskurtsoan euskara bertakoa izanda exotikotzat dute askok eta zenbait kasutan baztertzailea izan daitekeela adierazi dute zenbaitzuk”. Euskalduna izatea nolabait “nekeza” dela uste dute. Erabilerari buruz galdetu zaienean, zerk eragiten dien galdetu zaienean, familia, eskola eta kalea aipatu dituzte. “Euskal” kulturaz hitz egiten denean, tradizioarekin eta zaharkituaren kontzeptuarekin lotzen dute gazteek. Zentzu berean, euskara ere antzeko ikusten dute: “gutxiengo batzuen kontua, ez-ohikoa, eta nolabait “frikiek” bakarrik erabiltzen dutena”.
Jardunaldiari amaiera emateko dinamika bat proposatu diete parte hartzaileei Eibarko egoera, nondik gatozen eta nora goazen elkarrekin aztertzeko.