Herri Txikien 6. etapak gozatzeko aukera eskaini zien Deporreko mendizaleei

Herri Txikien 6. etapak gozatzeko aukera eskaini zien Deporreko mendizaleei
2023/11/22 11:51
eta kitto!
Egun eguzkitsua izan zuen lagun Amezketatik Zaldibiara arteko ibilbidea egiteko osatu zen 35 laguneko taldeak. Klub Deportiboko mendi batzordeak antolatutako Herri Txikien seigarren etapak Txindoki (edo Larrunarri) zuen bidean, mendi ikusgarria -batez ere, eguraldia lagun bada-, eta bide guztian paraje zoragarriak ikusteko aukera izan zuten bertaratutakoek: zelai berdeak, ardi-larreak, pottokaka, gaztelu aztarnak... Mendizale gehienek aurreikusitako ibilbidea osatu zuten, baina izan ziren bertsio motzagoa asmatu zutenak, “lasaiago joateko edo”. Helmugan, behintzat, Zaldibiara iritsi ziren guztiak, “botak kendu eta bazkariaz gozatzeko”. Urteko azken mendi-irteera abenduaren 16an izango da, egun horretan Artzantzaren Naturbidearen 22. etapa egiteko: Guineatik Subijana Morillasera, tartean 1. 171 metroko Kruzetatik pasatzeko. Hor ere izango da bazkaririk.