Herri Unibertsitatea egingo da bihar Eibarko Hezkuntza Esparruan

Leire Andinok etxebizitzaren arazoaren inguruko hitzaldia eskainiko du, beste zenbait ekintzen artean
Herri Unibertsitatea egingo da bihar Eibarko Hezkuntza Esparruan
2026/04/21 17:25
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Hezkuntza Esparruak Herri Unibertsitatea jasoko du bihar, apirilak 22. kasleentzako topagune, hausnarketa gune eta aisialdirako plaza bihurtuko da eguna, hitzaldiak, bazkaria, tailerrak eta zineforuma uztartuko dituen egitarauarekin.

Eibarko jardunaldiari 12:30ean emango zaio hasiera, ‘Etxebizitza auziaren gaurkotasuna’ izeneko hitzaldiarekin. Saioa Leire Andinok eskainiko du, 1.1 gelan. Gaur egun gazte askorentzat lehen mailako kezka bihurtu den etxebizitzaren auzia izango da ardatza, eta horren inguruko gogoeta kolektiborako tartea eskainiko dute.

14:00etan bazkaria egingo dute jangelan, eta arratsaldean giro informaletik ere izango du zer eskainia egunak. 17:30etik aurrera aisialdirako ekintzak prestatu dituzte egoitzako sarreran, tartean ‘Uno’ txapelketa eta henna tailerra. Ikasteko ez ezik, elkar ezagutzeko eta komunitatea ehuntzeko espazioa ere izan nahi du ekimenak.

Eguna 21:30ean amaituko da zineforumarekin, egoitzako telebista gelan. Horrela, eztabaida, aisialdia eta kultur eskaintza uztartuko ditu Eibarko Herri Unibertsitateak, egun osoko egitarau trinko eta anitz batean.

Herri Unibertsitateak azken urteotan Euskal Herriko hainbat campusetan antolatzen diren jardunaldiak dira, ikasleen formakuntza politikoa, eztabaida soziala eta alternatibak lantzeko helburuz. Aurten ere hainbat herritan egingo dira, eta Eibarkoak bere txanda izango du asteazkenean.