Herriko gazteek euskararen inguruko kezkaK igorri dizkiete politikariei plenoan

Herriko gazteek euskararen inguruko kezkaK igorri dizkiete politikariei plenoan
2023/06/16 09:32
eta kitto!
Aldatze ikastetxeko eta Eibar BHI-ko ikasleak herriko erabaki garrantzitsuenak hartzen diren tokian jarri ziren eguaztenean, hau da, udaletxeko pleno-aretoan. Oraingoan eurek hartu zuten hitza eta alderdi politikoetako kideek esandakoa entzun zuten. Gazteek euskararen egoerari buruz jardun zuten eta gaiaren inguruan dituzten kezkak helarazi zizkieten ordezkari politikoei.

Euskara nola bizi duten azaldu zuten DBH-ko ikasleek, eta egunero bizi dituzten egoeretatik eta eskolan egin duten hausnarketetatik ateratako ondorioak plazaratu zituzten. Politikariek adi entzun zuten, oharrak hartu zituzten eta etxeko-lanekin amaitu zuten saioa, ikasleek ez baitzituzten nolanahiko kontuak aipatu.

Ikasleek taldeka azaldu zituzten euren hausnarketak eta, bakoitzak berea aipatu bazuen ere, gauza batzuetan ados zetozen. Adibidez, asko aipatu zuten euskara bakarrik (edo ia bakarrik) egoera zehatz batzuetan erabiltzeko ohitura dutela. Hau da, eskolan, toki formaletan eta horrelakoetan. Beraz, euskaraz egiteko derrigortasuna sentitzen dute eta, ondorioz, ez dira eroso sentitzen hizkuntza erabiltzeko orduan. Ostera, aisialdian gaztelera gailentzen dela adierazi zuten.

Askotan aipatu zuten, baita ere, euskara ama hizkuntza ez dutenek euskaraz egiteko orduan sentitzen duten zailtasunak asko baldintzatzen duela hizketaldiak euskaraz egitea. “Ez dira eroso sentitzen euskaraz egiten, askotan ez dituzte berbak aurkitzen, urduri jartzen dira eta, horregatik, gaztelerara jotzen dute. Eta ondorioz, ama hizkuntza euskara dugunok ere, gaztelerara jotzen dugu, horrela ohitu garelako”, azaldu zuten.

Ohitura horiek kezkagarritzat jo zituzten euskararen normalizazioaren bidean, baina are larriagoak iruditu zaizkie beste joera batzuk. Hala nola, adierazi zuten gazte batzuek euskara mesprezatzen dutela, “botaka egiteko gogoa” sartzen zaiela. Euskara lanerako bakarrik balio duen hizkuntza dela diote hauek.

Beste batzuek, ostera, “frikiak” sentitu dira euskaraz egiteagatik. “Euskaraz zabiltza? Baina zergatik?”, esaten diete ikaskideek gazte batzuei, arraroa izango balitz bezala. “Orduan, gaztelerara jotzen dugu taldeko bat gehiago izateko, baztertuak ez izateko edo ezberdinak ez sentitzeko”, aipatu zuten gazteek.

 

Ikasleen proposamenak

Gauzak horrela, plenoan jardun zuten ikasleek hainbat proposamen luzatu zizkieten politikariei herrian euskara sustatu eta bere erabilera normalizatzen laguntzeko.

Ikasleek, batez ere, euskara erdigunean kokatzeko eskaera egin zuten. “Gizarteari jakinarazi behar zaio euskara ez dela lana lortzeko tresna bakarrik eta jarduera gehiago egin beharko lirateke euskaraz, euskara normaltasunez bizitzeko”, esan zuten batzuek.

Arlo kulturalari garrantzia handia eman zioten eta euskal taldeen kontzertu gehiago antolatzea, kulturjarduera gehiago euskaraz egitea eta euskarazko pelikula eta antzezlan gehiago eskaintzea ondo egongo litzatekeela adierazi zuten, besteak beste.

Erakunde publikoei, orokorrean, aisialdia euskaraz egiteko eskaintza sustatzea, toki publikoetan euskararen presentzia indartzea eta familientzat tailer edo formakuntza saioak antolatzea eskatu zieten euskararen transmisioa bermatzeko.