Herriko hamar kirol taldek euskara plana egin dute datorren denboraldirako

Herriko hamar kirol taldek euskara plana egin dute datorren denboraldirako
2023/08/31 12:23
eta kitto!
Urbat Urpolo, CD Urki, Eibar Igerixan, Eibarko Triatloia, Eibartarrak FT, Eibarko Klub Deportiboa, Eibar Rugby taldea, Asolaberri, Gimnasia Ritmica Ipurua eta Eibar Eskubaloia kirol taldeek euskara plana egin dute 2023/24 denboraldirako. “Kontuan izanik gehienetan klubek herritarren lan bolondresari esker funtzonatzen dutela, klub bakoitzak, duen egoera kontuan hartuta, egin du bere neurriko plana”, aipatu Udalak.

Planaren helburua ume eta gazteei zuzendutako jardueretan entrenatzaileek euskaraz egiteko ohitura ezartzea da, eta zuzendaritzen eta klubaren eguneroko lanean euskarari ere lekua egitea.

Udalak dioenez kluben erantzuna oso ona izan da. “Kirol klub batzuek betidanik izan dute euskara ohiko euren jardunean, baina beste askotan ez, nahiz eta gero eta kide gehiago izan euskaraz dakitenak. Klub horiek denek egin dute bat udalaren kezkarekin eta Euskara zerbitzuaren aholkularitza eta laguntza teknikoaren bidez euren neurriko planak egin dituzte”, dio Udalak.

 

Euskara eskolatik kanpo

Herriko ia ume guztiak D ereduan dabiltzan arren, Udalaren ustez hori ez da nahikoa euskararen gaitasun osoa bermatzeko. “Eskola eremutik kanpo erabilera txikia da2, diotenez. Beraz, Udalarentzat garrantzitsua da eskolaz kanpoko jardueretan euskaraz egiteko aukera izatea. “Eta gaztetxoen denbora librean kirol-jarduerek garrantzi handia dutela ikusita, Eibarko udalaren dirulaguntzak jasotzen dituzten kirol klubei euskara plana egiteko eskaera egin zaie Udaletik”, gehitzen dute.