Eibarko historia ezagutzen industriaren hariari jarraituz

Nerea Alustiza historialariak sei bisita gidatu eskainiko ditu abuztuan
2025/07/18 10:59
eta kitto!

Eibarko Udalak, Nerea Alustiza historialariaren eskutik, herriko historia ezagutzeko bisita gidatuak eskaini ditu azken urteotan, udako eta Aste Santuko oporretan. Aurtengoan, sei saio eskainiko dituzte abuztuan: 7an, 14an, 21ean eta 28an (azken hau izango da euskaraz egingo den bakarra) 18:30etik 20:00etara, eta 3an eta 31n 11:30etik 13:00etara. Bertan parte-hartzeko, San Andres eliza parera gerturatu beharko da saioa hasi baino 10 minutu lehenago.

 

Eibarko historia ezagutzeko bi bisita gidatu mota prestatu izan ditu Alustizak. Batean, Gerra Zibilaren aurreko Eibar ezagutzeko aukera ematen du; eta bestean, Gerra ostekoa, industria ardatz duelarik. Abuztuan eskainiko dituen bisitek bigarren bide hori hartuko dute, eta Gerrak suntsitutako Eibarren berpiztea eta loraldia nolakoa izan zen emango du ezagutzera. “Eibar suntsituta geratu zen, lur-jota, baina berpiztea eman zen, herri izatetik hiri bilakatuz”, historialariaren berbetan.

Eibarko historia beti egon da industriari oso lotuta, baita Gerra aurretik ere, baina horren ostean egon zen bilakaera nabarmena izan zen. “Industriari esker, 60. hamarkadan Eibar Espainiako per capita errenta altuena edo altuenetakoa zuen hiria izan zen”, Alustizak esan digunez.

 

San Andres elizatik Urkizuraino

Bisita gidatuan herriko hainbat eraikin bisitatzeko aukera ematen da eta Alustiza argazki zaharrez baliatzen da iraganarekin alderaketak egiteko eta, suntsituta edo eraldatuta dauden eraikinen edo guneen kasuan, nolakoak ziren erakusteko. “Adibidez, argazki zaharretan ikusi daiteke nola ibaia bistan zegoen, gaur egun ia ikusten ez duguna. Etxeak ere txikiak ziren, bi edo hiru solairukoak, eta gaur egun zazpi edo zortzikoak dira orokorrean, eta dorreak ere baditugu”, diosku Alustizak.

Bisitak San Andres eliza parean hasiko dira. “Eskerrak Gerran eliza ez zuten suntsitu”, dio historialariak. Argazki zaharrekin iraganean inguru hori nola zegoen ikusi eta alderaketak egingo dituzte, ondoren Bidebarrieta eta San Agustin kaletik pasa eta Errebalen geldialdia egiteko. “Muzategi kalera begira jarriko gara, hori delako Eibarren ezaugarri bereziaren eredu garbia. Bertan, beheko solairuan tailerra ikusi dezakegu (bere sasoian Zapata zena), aldapa batean. Hor ikusten da nola libratzen ziren bertako orografiaren oztopoak. Eibarren ez dago oztoporik, arkitektoak tokiaren baldintzetara moldatzen dira”, Alustizaren berbetan. Gainera, toki horretan beste ezaugarri bat nabari da, tailer horien gaineko solairuan La Merced eskola zegoelako eta gorago etxebizitzak. “Hori guztia metro karratu gutxitan”, azpimarratzen du historialariak. “Hori da Eibar”.

Handik Ibarkurutzera joko dute, Arraguetan ‘Mendiguren y Zarraua’-ren etxera joan eta argazki zaharrekin tailerra nolakoa zen ikusiko dute. “Gaur egun Ogasunaren eraikina dagoen tokian zegoen ‘Mendiguren y Zarraua’”, argitzen digu. Arikitxa kaletik jaitsiko dira gero Laspiur tailerra aipatzeko, eta Aurrera eraikinean sartuko dira ondoren. Urkizurainoko bidea hartuko dute ondoren, BH-ra iritsi arte eta Eroski gaineko eraikinean ere sartu egingo dira ibilbidea amaitzeko.

 

Arkitektoen garrantzia

Eraikin industrialek Eibarko historian duten garrantzia nabarmenduko duen arren, Alustizak herriko kaleen transformazioa ere azpimarratzen du: “Berreraikitzearekin, kale batzuk desagertu eta berriak sortzen dira. Zertarako? DonostiaBilbo joan-etorria bideratzeko eta hiri ikuspegia emateko”.

Planifikazio horretan arkitektoen papera berebizikoa izan zen historialariaren ustez. “Adibidez, Ramon Maria de Martiarena zumaiarrak Sorian ez dakit zenbat eraikin egin zituen eta handik hona etorri zen”, azaldu digu. “Gainera, kontuan hartu behar da Gerra ostean Eibar ‘Regiones Devastadas’ moduan klasifikatu zutela, Francoren esku-hartzea hiriaren berreraikitzean… Hortik etorri ziren Martiarena, Dominguez Elosegi, Raimundo Alberdi eta beste arkitekto batzuk”.