Herriko kaleak dantzaleku bihurtuko dira barixakuan
Azken urteetako ekimenari jarraituz, herriko dantza-eskolak eta akademiak kalera irtengo dira barixakuan Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. 17:30ean hasita, Kezka, Koa, Biraka, Untzako Jubilatuen Etxea, Beheko Tokia, Ballet Eibarres, Kaxa, Neledantza, flamenko taldea, Pagatxa eta kubako saltsa egiten duen taldea herriko gune ezberdinetan egongo dira dantzan, batzuk Amañan eta beste batzuk Urkizun, eta poliki-poliki Untzagara gerturatzen joango dira bidean geldialdiak eginez (Errebalen, anbulatorioko parkean era Toribio Etxebarria kalean batzuk; eta Ego-Gainen eta Jose Zugastiren ‘Formen Dantza’ eskulturen inguruan besteak).
Dantza-talde bakoitzak bere dantzak eskainiko ditu eta, guztien proposamena ikusita, mota askotako dantzak ikusteko aukera izango dugula aurreratu dezakegu. “Herrian dagoen aberastasuna azpimarratuko nuke”, aipatu du gaur goizean egin den aurkezpenean Josu Mujika Biraka dantza eskolako zuzendariak. “Euskal dantza, dantza garaikidea, latinoa, flamenkoa, urbanoa...”, zerrendatu dizkigu Marta Prol Kaxa guneko kideak.
Zentzu horretan, “erronka konplikatua” dela deritzo Oier Araolaza Kezka dantza taldeko kideak. Izan ere, “ez gaude ohituta gure dantza motakoak ez direnekin plaza partekatzera. Kodigo ezberdinak erabiltzen ditugu, baita babes musikal ezberdinak ere. Beraz, erronka handia da eta, era berean, gustu handia”, azaldu du. Horrekin lotuta, zera gehitu du: “Guk zuzeneko musikarekin egiten dugu dantza, eta gure musika ez da gazteek edo gizarteak orokorrean entzuten duen musika. Horregatik, gure herrian arrotzak garela esaten dugu, euskararekin gertatzen denaren antzera”.
Dantzariek barixakuan izango duten beste erronka bat kalean dantza egitea izango da. Izan ere, aretoetan edo bestelako espazio itxietan dantza egitera ohituta daude eta kalean beste espazio, neurri eta giroetara ohitu beharko dira, “entseatu barik”, azpimarratu dutenez. “Bertara iritsi eta dantza egingo dugu, erreferentziarik gabe, eta jende askoren aurrean gainera”, aipatu du Mujikak. Nerea Lodosa Neledantzako zuzendariaren ustez, “demaseko ikasketa izango da dantzarientzat”.
Barixakuko ekimenean parte-hartuko duten dantzari askok, gainera, talde baten baino gehiagotan egiten dute dantza eta, beraz, gune batetik bestera korrika ibili beharko dira dantza egin ahal izateko.
Herri guztia dantzan
Aurten hirugarren aldiz egingo da Dantzaren Nazioarteko Egunaren ospakizun hau eta aurreko bi edizioek demaseko arrakasta izan dute. Jende ugari bildu da herriko txoko ezberdinetan ikuskizunak ikusteko eta aurten ere, eguraldia lagun, antzeko zerbait gertatuko dela aurreratu daiteke. Gainera, publikoa ez da ikusle hutsa izango, dantzen ondoren, 20:30ak inguruan, Laket taldearen eskutik erromeria egongo delako Untzagan. “Erromerian edonork egin dezake dantza eta, hain zuzen ere, horrek ematen dio zentzua egun horri. Izan ere, ez da dantzarien eguna, dantzaren eguna baizik”, aipatu du Araolazak. “Ume guztiek egiten dute dantza, batzuk berba egiten hasi baino lehenago hasten dira. Adinean aurrera egin ahala, mutilek bereziki, dantza lagatzen dute, jarduera femeninoa delakoan, baina denoi gustatzen zaigun jarduera da. Dantza, gainera, ez dugu arte bezala bakarrik ulertu behar, beste funtzio batzuk dituelako, eta hori egiteko ez dago ikastera edo entrenatzera joan beharrik. Beraz, erromeriak amaiera bikaina emango dio egunari”. Antzeko bidetik azaldu zaigu Kaxako Prol ere: “Dantza gure bizitzaren zati oso garrantzitsua da. Ez da jarduera fisiko hutsa, baizik eta lagunen arteko ekintza bat. Gauza asko partekatzen dira, emozioak besteak beste, eta osasun mentala lantzeko eta zaintzeko ekintza oso garrantzitsua da”.
1.200 eibartar inguru ibiltzen dira astero-astero dantzan gure herrian eta dantzak gurean duen indarra erakusteko adibidea izango da barixakukoa. Gainera, adin ezberdinetako dantzariak arituko dira bertan, umeak zein jubilatuak, “mundu guztiak egiten duelako dantza. Musika sentitu eta mugitu besterik ez da egin behar”, gaurko aurkezpenean esan dutenez. “Polita da horrelako jarduera bat herriaren aurrean egitea, non adin eta genero ezberdineko pertsona askok parte hartzen duen”, Prolen ustez.