Hezkuntza publikoko langileen grebak aurrera jarraitzen du

Greba-zikloak jarraipena izango du datozen asteotan
Hezkuntza publikoko langileen grebak aurrera jarraitzen du
2025/01/31 10:35
eta kitto!

Hilaren 22an eta 23an hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleek greba egin ondoren, aste honetan Haurreskola Partzuergoko langileen eta sukaldari eta garbitzaileen txanda izan da, hilaren 28 eta 29an, eta 30 eta 31an, hurrenez hurren. Haurreskolako langileak, gainera, Eibarren mobilizazioa egitera zeuden deituta, Partzuergoaren egoitzatik Untzagaraino manifestazioa egin zutelarik.

 

Hezkuntza publikoko langileek greba zikloa hasi zuten hilaren 22an, otsailaren 20an amaituko dena. Horrela, aste honetako greba egunak pasata, hurrengo greba eguna Haurreskola Partzuergoko langileek egingo dute otsailaren 12an eta 13an, ondoren sukaldariek eta garbitzaileek 19an eta 20an, eta azkenik hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleen txanda izango da 26an eta 27an.

Urtarrilaren 22 eta 23ko greba egunen jarraipenarekin pozik agertu dira CCOO, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuak. Eurek emandako datuen arabera, grebara deituta zeudenen %75ak egin zuen greba. Eibarren, adibidez, honako datuak jaso zituzten zenbait ikastetxetan: San Andres eskolan %100ak egin zuen greba, Armeria eskolan %37ak eta Amaña herri-ikastetxean %41,67ak.

Horien kasuan, 2010eko lan-hitzarmena berritzeko eskakizuna egiten dute. Horrela, zortzi dira eskakizun nagusiak: lan-zamak arintzea (irakastorduak etapa guztietan murriztea, baliabide hornikuntza handitzea, eta burokrazia eta zama arintzeko neurri zehatzak ezartzea), Gazteberritze plana (erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, eta lanaldia murrizteko eta metatzeko eskubidea onartzea), galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, enplegua egonkortzea eta bermatzea (Lanpostu Zerrendak sindikatuekin negoziatzea eta lanpostuak oposaketetara eta lekualdatzera ateratzea, interinitate-tasa erreala jaistea, lanpostuak estrukturalizatzea, eta Irakasle Teknikoen mantentzea adostea Lanbide Heziketako Mahai Propioetan), azken urteetan Hezkuntza Sailak ezarritako murrizketak bertan behera lagatzea, ordezkoen lan baldintzak hobetzea (ordezkoen araudia negoziatzea eta berritzea, eta udako ordainketa berreskuratzea), zaintzaren ikuspegitik lan eta bizitza uztartzeko neurriak ezartzea, eta lan-osasun, berdintasun- eta euskara-planak garatzea.

 

Haurreskoletako langileen manifestazioa

Haurreskoletako langileei dagokienez, martitzenean eta eguaztenean eduki zituzten lehen bi greba egunak eta, sindikatuek esan digutenez, Amañako haurreskolan langileen %60ak egin zuen greba, Arrateko Andra Marin %100ak eta Orbean %60ak. EAEko datuei begira, grebak %85etik gorako jarraipena izan zuen sindikatuen esanetan.

Martitzenean Eibarren zeuden deituta mobilizazioa egiteko, Otaola hiribidean baitago Haurreskolak Partzuergoaren egoitza. Horrela, hainbat langile elkartu ziren bertan eta Untzagaraino manifestazioa egin zuten.

Haurreskoletako langileek 2009ko lan-hitzarmena berritu nahi dute eta zazpi dira euren aldarrikapenak: lan-zamak arintzea (plantilak esleitzeko irizpideak zehaztea, kudeaketa baliabide teknologikoak eguneratzea, eta urteko eta asteko jarduna eta hezitzaileen arreta zuzeneko orduak murriztea), aurre erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea, enplegua egonkortzea eta bermatzea, ordezkoen lan baldintzak hobetzea, lizentziak eta baimenak hobetzea, eta lan-osasun, berdintasun- eta euskara-planak garatzea.

 

Sukaldariak eta garbitzaileak

Atzo eta gaur hezkuntza publikoan lan egiten duten sukaldariak eta garbitzaileak daude grebara deituta. Euren 2009ko lan-hitzarmena berritzea eskatzen dute eta zortzi puntu aldarrikatzen dituzte: lanaldiaren eta ratioen murrizketa, adinagatik jardun murrizketak handitzea, galdutako eros ahalmena berreskuratzea eta soldatak igotzea, enplegua egonkortzea eta bermatzea, ordezkoen lan-baldintzak hobetzea, funtzioak negoziatzea eta adostea eta kategoriak egokitzea, zaintzaren ikuspegitik lan eta bizitza uztartzeko neurriak ezartzea, eta lan-osasun, berdintasun- eta euskara-planak garatzea, eta Irakasle Teknikoen mantentzea adostea Lanbide Heziketako Mahai Propioetan), azken urteetan Hezkuntza Sailak ezarritako murrizketak bertan behera lagatzea, ordezkoen lan baldintzak hobetzea (ordezkoen araudia negoziatzea eta berritzea, eta udako ordainketa berreskuratzea), zaintzaren ikuspegitik lan eta bizitza uztartzeko neurriak ezartzea, eta lan-osasun, berdintasun- eta euskara-planak garatzea.