Hillebetetik gora antzerki
"Neri aurkeztuko baleste egitarau hau eta zein baliabiderekin antolatu dogun esan, ez neuke siñestuko”. Holan laburbildu zeban Juan Ortega, jardunaldixetako arduradunak, karteldegixa osatzeko egindako ahalegiña eta lortutako emaitza. Aldi berian, Udalaren inplikaziñua eskertu eban Ortegak astelehenian udaletxian egindako aurkezpenian. Oin dala urte eta erdi hildako Txema Cornago gogoratuta ekin zetsan ekitaldixari eta, berarekin, Ricardo Martin eta Juan Luis Vazquez Fraguas izan ziran mahaixan. Aldi berian, Juan Aldaik zine emanaldixen arluan egindako lana eta Plano Corto alkartiak emondako erraztasunak eskertu zittuan aurkezpen horretan.
Boadella bigarrenez
Martxuaren 7xan T. Etxebarria kalian eta Untzagan giza estatuekin hasiko dan programaziñuak (12. urtia da kale ekitaldi hori egitten dala), handik hiru egunera, martxuaren 10ian izango dau ohikua dan antzerkixaren inguruko hitzaldixa. Lehelengo bidar oin dala 26 urte etorri zan Albert Boadellak eskinduko dau aurtengua: oiñ arte errepikatuko daben bakarra izango da bera. Ortegak gogoratu ebanez, Imanol Ariasek emon zeban lehelengo hitzaldixa lehelengo ediziñuan eta datorren urtian bera ekartzen ahaleginduko dira.
Programa osatua
Antzezlan guztiak merezi dabelakuan dagoz antolatzailliak, betiko ahalegiña egittiaz gaiñera emaitzarekin be oso pozik geratu diralako. “Programa konpletua osatzia lortu dogu”, diñue harrotasun apur batekin, “esku artian izan dogun aurrekontuarekin bene-benetako aktoriak diran giza irudixak, umiendako lan bi, unibersidade talde bi, laburmetrajiak... eta goi maillako hamalau konpaiñien azken lanak ikusteko aukeria izango dalako gurian”.
Euskarazko hiru lan
Markeliñeren “Kapsulak” lana (martxuaren 8xan), Karrikaren “Inungane, sustraiak airean” (martxuaren 16xan) eta Tanttakaren “Zazpi aldiz elur” (martxuaren 24an) izango dira hórrek hiru lanok. Mikel Laboari buruzko Tanttakaren antzezlana aurreko zapatuan estreinatu zeben Donostian, Iñaki Salvadorren musikarekin lagunduta, eta Karrikak eskinduko dabena “oso ondo egindako antzezlana da, ikusliak harritzeko modukua”.
Mailla haundiko eskintza
Bestelako antzezlaneri begiratuta, eta antolatzailliak egindako errepasuari kasu egiñaz, hona hamen laburpen txiki bat: “El interpretek” musika zuzenian eskinduko dau, aktore-musikuak abestu eta antzeztu, bixak egitten dittualako; “Juana la locan” Gema Matarranz oso ezaguna dan Andaluziako antzezlia ikusteko aukeria izango dogu; “Conversaciones con mama” lan hunkigarrixa da eta, horrenbeste urtian telebisiñuan alkarrekin lan egiñ eta gero, azkenian taula gaiñian alkarrekin jardutia lortu dabe Galianak eta Echanovek; “Que me aspen” umore zinikua eskinduko dau, oin modan daguan umoria, bi saiuetan egun berian; “Ayaxek” efektu ikusgarrixak dittu eta jendia harrittuta urtetzen dau hor eskintzen diran jantzi eta bestelakuengaittik; “El sotano encantado” umiendako antzezlanen artian txalotuenetakua izaten jarraitzen dau; “El regimen del pienso” La Zarandaren lan barrixa dogu, gurtzeko moduko edo “teatro de culto” esaten dan horretakua; “Hamlet” ez da betidanik ezagutu dogun Hamlet izango, izen horretako antzezlana beste lan bat sortzeko atxakixia besterik ez da izango-eta.
Fetxekin-eta zailtasun haundixekin ekarriko diran lanak be badagoz, danak mailla haundikuak: Ara Malikianek errepikatu egingo dau, oinguan orkestarekin, munduko dantzen inguruko ikuskizuna ezagutarazteko; Italiatik ekarri daben “Giulio Cesare” eta Irlandatik etorriko dan “Cirque de Legume” oso gatxa izan da kontratatzia; zer esanik ez Juan Tamariz eta “Magia potajia”-ren kasuan, Tokiotik Eibarrera etorriko da-eta zuzenian, hamendik jarraixan Badajozera juateko.
Antzerkixa zinian
Urtero legez, antolatzailliak tartia eskindu detse “Antzerkixa zinian” esparruari. Holan, martxuaren 13an “Coriolanus” pelikulia ikusi ahal izango da Unibersidade Laboralian eta, handik bi astera, Asier Errasti Laburmetrajien azken jaialdixan eskindutako lanen ordua izango da toki berian.