Hilma af Klint suediar artista izango da protagonista urteko lehen bideo-forum saioan

Artistari buruzko bideoa ikusi eta, jarraian, solasaldia egingo dute Andretxean.
Hilma af Klint suediar artista izango da protagonista urteko lehen bideo-forum saioan
2025/01/13 11:33
eta kitto!

Bihar (martitzena, hilak 14) izango da Emakumeen Istorioak bideo-forum saioa, 18:00etatik 19:30era Andretxean. Pagatxa emakumeen taldeak Berdintasuna-Andretxearekin elkarlanean antolatzen duen saioan Hilma af Klint (1862-1944) suediar artistari buruzko bideoa ikusi eta, jarraian, horri buruzko solasaldia egingo dute. Beti bezala, interesa duten guztientzat ateak zabalik egongo dira, eta ez da sarrerarik ordaindu behar.
Hilma af Klint arte abstraktuaren aitzindarietako bat izan zen, Kandinsky edo Modrian bezalakoak baino lehen. Artean prestakuntza akademikoa jaso zuten emakume europarren lehen belaunaldiko kide izan zen, eta ikasketak Suediako Arteen Errege Akademian egin zituen. Diru-laguntza baten bidez, Akademiak estudio bat eskaini zion Stockholm erdiko Kungstraedgaarden auzo bohemioan. Apurka, gero eta izen handiagoa lortuz joan zen bere paisaia, marrazki botaniko eta erretratuekin. Baina 1880an ahizparik gazteena hil zitzaion, eta, 1896tik aurrera, talde espiritualista eta okultistetan parte hartzen hasi zen. Beste lagun batzuekin batera Bostak izeneko talde bat sortu eta, espiritismo-saioetatik abiatuta, idazketa eta pintura automatikoa lantzen hasi ziren. Bere lehen margolan abstraktuak sasoi hartakoak dira. Bere koadroak ez ziren 1985. urtera arte ezagutu, artistak hala eskatuta, bere lanak ez baitziren ikusgai jarri bera hil zenetik 20 urte igaro arte.